Bitariko batzordea eratzeko eskatu dute Konpartsek

Bitariko batzordea eratzeko eta txosnei ezarritako isunak bertan behera uzteko eskatu diote Bilboko Udalari

Erredakzioa
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko Konpartsak Bilboko Udalari hitz egitera esertzeko eskatu zion atzo Bilbon eginiko prentsaurrekoan, laster ospatuko diren inauteriei begira. Bilboko Konpartsak-en ustetan, udalak bitariko batzordea indargabetu du, eta batzordea berriz eratzeko eskatu zion.

Horrez gain, Kaskagorri eta Txori Barrote txosnei ezarritako isunak kentzeko eskatu zioten, kontuan hartuz Auzitegi Nazionalaren epaiak ez dituela delitutzat jotzen presoen argazkiak erakustea.

Festa parte-hartzaileak

«Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian arrakasta duten jaien eredua herrikoia eta parte-hartzailea da», azaldu dute Garikoitz Goikoetxea eta Itziar Villafañezbozeramaileek.

«Iaz argi geratu zen Bilbon konpartsarik gabe ezaugarri garrantzitsu bat galduko litzatekeela kultura erakusleihokoa izan ez dadin», adierazi dute bozeramaileek.

Bilboko herritarren sostengua dutela adierazi dute, eta, beraz, gehienek eurek proposatzen duten festa eredua babesten dutela eman dute aditzera.

Euren adierazpenaren indarra 2010eko inauterien eta Aste Nagusiaren arrakastan datzala azaldu dute: «Argi gelditu da konpartsarik gabe ez dagoela Aste Nagusirik».

Euren ustetan, udala betiko bidetik dabil, eta jaietarako bitariko batzordea indargabetzeaz gain inauteri errepikatuak antolatzen ari direla salatu dute.

Hausnarketa serioa eta sakona egitera gonbidatu dute udala. Bilboko herritarrak konpartsekin adostasun batera irits daitezela eskatzen diotela gogorarazi diote udalari: «Bidea elkarrizketatik etorriko da. Hitz egin behar dute. Penagarria izango litzateke azken urteetako jarrera itxiari eutsiko baliote, batez ere aurten udal hauteskundeak izango direla ikusita».

Bestalde, Kaskagorri eta Txori Barrote txosnei ezarritako isunak kentzeko eskatu dute. Auzitegi Nazionalak bi txosna horiek absolbitu zituela eta presoen argazkiak erakustea delitu ez dela ebatzi zuela gogorarazi dute: «Argi geratu da elkartasuna ez dela delitu, eta lehen isunek zentzurik ez bazuten, orain babes legalik ere ez dute».

Bitariko batzordea defenditu, indartu eta «Bilbok merezi dituen inauteriak» lortzeko ahal duten guztia egingo dutela azaldu dute Bilboko Konpartsak-eko bozeramaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.