Jakina da asteburua heltzen denean Iruñean sanferminetako ohikoa den jendetza hirukoiztu ere egin daitekeela, eta berdin gertatzen da entzierroekin ere. Gaur beteta zeuden kaleak hasi Santo Domingotik eta plazaraino, eta zezenak ere ez ziren nolanahikoak.
Kortatik irten eta berehala atzean geratu da Jose Escolar ganadutegiko zezenetako bat. Bitartean, beste bost zezenek aurrera egin dute joaldunekin batera. Azkar egin du bidea aurreko taldeak, bidean erorikoak eta harrapaketak izan badira ere, lehen datuen arabera, ez dira larriak izan. Aldiz, atzean geratutako zezenak larrialdi bat baino gehiago eragin ditu plazara heldu artean. Gutxienez, bi lagun eraman behar izan dituzte erietxera haren adarkadengatik. Azkenean, ordea, unaien eta joaldunen laguntzarekin sarrarazi dute azken animalia plazara. Lau minutu iraun ditu gaurko entzierroak.
Gurutze Gorriaren arabera, 14 lagun eraman dituzte erietxera, haietako bi adarkadengatik: batek besoan du zauria eta besteak besoan eta bularrean.