Bizikleta iragarki bat debekatu dute Frantzian, «beldurra» zabaltzen duelakoan

Autogintzaren industriaren irudia «bidegabe zikintzen» duela erabaki du publizitatea zaintzen duen erakundeak. Autogileen interesak defendatzea leporatu diote iragarkigileek, salmentak asko jaitsi direlako izurriarekin.

Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 1a
15:20
Entzun

Herbehereetako bizikleta ekoizle bat da Vanmoof etxea. Garaia da etorkizunean ibiltzeko lelopeko kanpaina egin du, eta haren telebistarako iragarkia arazorik gabe zabaldu dute Herbehereetan eta Alemanian. Frantzian, ordea, aireratzea galarazi diete, autoen inguruko «beldur giroa» sortzen duela argudiatuta.

Iragarkian auto bat agertzen da, eta haren margo beltzean islaturik ikusten dira industria kutsagarrien tximiniak, auto pilaketak eta istripu bat, besteak beste. Autoaren metala urtzen da, eta, horretatik, konpainiaren azken bizikleta elektrikoa sortzen da, iragarkiko abestian «beste egun baten egunsentia da» kantatzen duten bitartean.

Frantzian publizitatearen edukiak eta formak zaintzen dituen Publizitatearen Arautze Profesionalerako Agintaritzak (ARPP)  adierazi du iragarkiak bidegabe zikintzen duela autogintza industriaren irudia. Bizikleta konpainiari debekuaren arrazoia eman dio ARPPk, esanez tximiniek eta istripuaren irudiek «beldur giroa sortzen» dutela, eta «moldatu» egin beharko dituztela. Argudiatu dutenez, Frantziako publizitate arauek debekatu egiten dute beldurra eta sufrimendua erabiltzea iragarkietan.

Baina bizikleta konpainiak Frantziako autogintza industria defendatzen saiatzea leporatu dio ARPPri, COVID-19aren izurriak eraginda auto salmentak erdira jaitsi ondoren joan zen maiatzean. Emmanuel Macron presidenteak 8.000 milioi euroko plan bat egin du, salmentak sustatzeko.

Vanmoof konpainiaren sortzaile Taco Carlierrek esan du ez dutela asmorik iragarkia aldatzeko, Frantzian ikusi ahal dadin. Adierazi dutenez, uste «iraingarriak» diren irudietako bat bera ere ez da fikzioa, eta erabilera publikoko irudiak erabili dituzte hori ilustratzeko. «Eguneroko benetako bizitzako irudiek beldurra eragiten badute, again bada garaia zerbait egiteko», esan du Carlierrek. «Ikaragarria da auto konpainiei aukera ematea ingurumenarekin dituzten arazoak ezkutatzeko, eta arazoa nabarmentzen dutenak zentsuratzea».

Urte hasieran ARPPk debekatu egin zuen Greenpeacen iragarki bat, poloetako izotza urtzen erakusten zuelako. Oinarrizko botiken salneurriaren inguruko beste kanpaina bat ere zentsuratu zuen «botikagintza konpainien aurkako giroa» eragin zezakeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.