Bizikleta maileguak, goraka

Hirietako zirkulazio itogarriak eta ingurumena zaindu beharrak bultzatuta, bizi-bizirik daude hiriburuetako bizikleta publikoen mailegu zerbitzuak.

Bizikleta publikoentzako Bilboko udaletxe pareko aparkalekua. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Bizikleta erabiltzaileak ugaritzeko arrazoietako bat bizikleta publikoen mailegu zerbitzua da. Erabiltzaileek egunerokoan ibilbide laburretan garraio mota hori erabil dezaten sortu da zerbitzu hori. Bide batez, ingurunea zaintzeko eta kontserbatzeko aukera ematen du. Horrez gain, hirietako zirkulazio itogarria lasaitzen laguntzen du.

Baionako Udalak 2007ko urrian jarri zuen martxan zerbitzua, eta jada 130 bizikleta dauzka maileguan uzteko, 11 gunetan banaturik. Aparkaleku gehienak Baiona Ttipi eta Handiaren inguruan daude, baina badira hiriaren bihotzetik haratago daudenak ere. Uda garaian, 500 mailegatze izaten dira hilero; negu aldean, berriz, 200 inguru. Zerbitzua martxan dagoenetik 30.000tik gora erabilpen izan ditu, eta urtetik urtera erabilera handituz doa.

Donostia dugu erabileraren bilakaeraren beste adibide bat. 2008an jarri zuen udalak martxan zerbitzua, eta, gaur egun, bederatzi aparkaleku ditu zerbitzuak, guztira 195 bizikletarentzako lekua dutenak; 150 bizikleta daude maileguan hartzeko prest. Bulebarreko, unibertsitateko eta Pio XII.eko aparkalekuak erabiltzen dira gehien; Anoetakoak eta Lugaritzekoak, berriz, gutxien.

Zerbitzua erabili ahal izateko, ezinbestekoa da bazkide txartela edukitzea. Bazkide izateagatik, urtean hogei euroko kuota ordaindu behar da; bizikleta hartzean, lehen ordua doakoa izaten da eta bigarren orduak euro bateko prezioa izaten du. Bigarren ordutik aurrera, hiru euro ordaindu behar dira orduko. Gehienez, lau orduz jarraian erabili ahal dira bizikletak, eta behin utzitakoan ordu erdiz ezingo da besterik alokatu. Ordutegiari dagokionez, 07:30etik 21:00etara egoten dira bizikletak erabilgarri.

Erabiltzaileei dagokienez, Donostiako Bizikletaren Behatokiak egindako azterketa baten arabera, emakumezkoak dira erabiltzaile gehienak, eta ia erdiek 40 eta 60 urte artean dauzkate. 20 urtetik beherako erabiltzaileak %2ra ere ez dira iristen. Gaur egun, 3.500 bazkidetik gora ditu Donostiako mailegu zerbitzuak. Ibilbideen erdiak baino gehiago hamabost minututik beherakoak izaten dira eta aste barruan erabiltzen dira bizikletak gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.