KOMUNIKAZIOA. Ekografiak

Bizkaian, Gasteizen eta Nafarroan

Jokin Labaien.
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Batzuetan oso gaiztoa naizela iruditzen zait. Buruan beste gai bat izan arren, sofan eseri nintzen atzo eguerdian, zehazki, ETB1en albistegia ikusteko. Susmoa nuen, goizaldean izandako zazpi atxilotuen berriari egunotan Malagan egiten ari diren epaiketa lotuko ziotela. Areago, denbora bera eskainiko ziotela, bestelako kateek sortu duten ikuskizuna eredu.

Baina ez. Tituluen garaian gaurko greba deialdiaren ingurukoak azaldu zituzten. Eta behin albistegia hasita, Askapenako zazpi kideen aurkako sarekada hartu zuen hizpide Xabier Usabiagak. Barakaldora jo, eta zuzeneko konexioan, bi minutuz, esan daitezkeen guztiak esan zituzten gertatutakoaren berri. Nork, non, nor eta zergatik atzeman zituen, Polizia iturriek adierazitakoak, Askapenak berak emandako erantzunaren laburpena, eta Alfredo Perez Rubalcabak duela bi aste emandako azalpen bera gehitu diola. Azken bi horien irudirik ez. Bai, ordea, Walter Wendellin, Ruben Sanchez, Gabi Basañez eta Itsaso Lekuona kotxean nola sartu zituen Espainiako Poliziak. Baita Idoia Mendiak goizean prentsaren aurrean esandakoak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari ez nion deus ulertu, euskaraz ari zen arren. Zalantzak dauzkat adierazpenen gaiaren inguruan. Jakin badakit, besteak beste, kargu publikoak dauzkaten pertsonek adierazpenak bi hizkuntzatan egin behar dituztela, arauak eskuan. Horren berri ematean, bizi dugun egoera ezagututa, eskertzekoa da euskarazko albistegian euskarazko hitzak hobestea. Hala ere, komunikazioak oinarrizko baldintza izan behar du albistegi batean. Eta kasu honetan, mesedea litzateke Idoia Mendiak esandakoak bikoiztea edo azpidatziekin aurkeztea.

Ziur naiz oraindik ez duzuela ulertu, zergatik jarri diodan testuari jarritako izenburua. Korapiloa daukat sabelean. Berria egoki eskaini zutela uste dudan arren, ezin ditut segidan entzundako hiru hitzak burutik kendu. Izan ere, albistegiaren tituluetan, atxiloketak «Bizkaian, Gasteizen eta Nafarroan» izan zirela aurreratu zuten. Eguraldi mapa buruan, enegarrenez, oraindik ez dut lortu formulazioaren logika dezifratzea. Hiriburuak, probintziak eta autonomia erkidegoak nahasian, nahasgarri. Ordu bete geroago, ETB2ko Teleberri-an, EAE eta Nafarroako Erkidegoa (hitzez hitz) bereiztu baitzituzten. Batzuetan oso gaiztoa naizela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.