Bizkaiko Golkoko 'Homo sapiens'-ari buruz ariko dira Atlantiar Biltzarrean

Genetika, historia, artea, arkeologia, foklorea eta hizkuntza jorratuko dituzte maiatzaren 18an

Jauzarreako Xabier Otero, erdian, gainontzeko antolatzaileekin batera. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Homo sapiens-a Bizkaiko Golkotik Ipar Ameriketaraino iritsi zen orain dela 17.000 urte inguru. Urteetan Atlantikoan garatutako itsasorako tradizio handiak ahalbidetu zuen migrazioa. Ideia hori defendatzen du solutrearren irtenbideak. Teoria sakonago aztertuko dute Atlantiar Paleolitikoaren Nazioarteko Biltzarrean. Nazioarteko adituak eta hemengoak bilduko ditu Biltzarrak Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa), datorren maiatzaren 18an. Jauzarrea elkarteak antolatu du, eta izen handiko ikertzaileak gonbidatu ditu. Euskal kulturaren jatorrira joko dute, Bizkaiko Golkoan bizi zen Homo sapiens-aren inguruko hitzaldi sortekin. Genetika, historia, artea, arkeologia, folklorea eta hizkuntza jorratuko dituzte.

«Kongresu oso berezia da. Izugarri zaila da hainbeste aditu egun berean elkartzea», adierazi du Xabier Otero Jauzarrea Euskal Kulturaren Azterketa eta Zabalkunderako Funtseko kideak. Bestelako ikuspegi batetik euskaldunak eta euskal kultura ardatz hartuta egindako ikerketen berri ematea du xede biltzarrak. Oterok azaldu duenez, ikerlariek erabateko zehaztasunez ezagutzen dituzte azterketak, eurek egindakoak baitira, eta zenbaitek 40 urte daramatza gaia lantzen. «Adituek dakitena kontatzea nahi dugu, guk hemen eztabaidatu ahal izateko gero».

Migrazioak eta euskara

Mundu mailan sona handia duten ikerlariekin egitarau zabala prestatu dute horretarako. Oxford Unibertsitateko doktoreak eta Washingtongo ikerlariak etorriko dira, batzuk aipatzearren. Oso baliagarria izango da eguna. Guztira, hamalau hitzaldi izango dira.

Homo sapiens-ak Afrikatik Bizkaiko Golkora arte egin zuen ibilbide luzea aztertuko dute, adibidez. Horrez gain, haitzulo paleolitikoetako xamanismoa jorratuko du Jean Clottesek. «Ekain, Altxerri eta Santimamiñe haitzuloak gizateriaren ondare izendatzeko agindu zion Unescori Clottek». Izturitzeko (Lapurdi) haitzuloetako ikerketen berri ere emango dute. Duela 45.000 urteko bizitza arrastoak topatu dituzte han, eta gizarte egitura konplexua zutela frogatu ahal izan dute.

Euskara izango da jorratuko duten beste zutoinetako bat. Hizkuntzaren jatorriaren giltzak eta euskarak Europako gainerako hizkuntzei egindako ekarpenak gogoraraziko dituzte.

Azken urteetan indarra hartu duen teoria bat ere izango dute ahotan: solutrearren irtenbidea. Bizkaiko Golkotik Ipar Amerikara migrazio korronte bat egon zela defendatzen du tesiak, itsas tradizio handiak bultzatuta. Bruce Bradleyk eta Dennis Stanfordek azken hamar urteetan egindako ikerketak emango dituzte argitara.

Orain dela 45.000 urtetik duela 10.000 urtera arteko epeari egingo diote erreferentzia lehendabiziko biltzar horretan. Baina, Oterok adierazi duenez, hasiera baino ez da. Homo sapiens-en garaitik gaur egunera arteko gizakia aztertzea baita asmoa, eta, horretarako, beste hiru biltzar antolatuko dituzte. Udazkenean egingo dute bigarrena, eta Neolitikotik Burdin Aroaren amaierara arteko epea jorratuko dute. Hurrengo urtean beste bi biltzar egingo dituzte: bata baskoien garaitik Nafarroako Erresumaren konkistara arte, eta besteak gaur egunera arte egingo du jauzi.

Jauzarrea Euskal Kulturaren Azterketa eta Zabalkunderako Funtsa hainbat pertsonak osatzen dute. Adituak, ikerlariak eta artistak daude, eta «gizarteak kulturaren inguruan duen pertzepzioa hobetzea» nahi dute. Horretarako, berrikuntzaren aldeko apustua egiten dute.

Biltzarrean parte hartzeko, ez da aditua izan behar, edonorentzat irekita dago. Izena ematea beharrezkoa da, maiatzaren 10a baino lehen atlantiar@jauzarrea. net helbidera idatzita, eta 50 euro ordaindu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.