«Jende askorentzat bluesa magia da», B.B. King bluesman handiak dioenez; horrela pentsatzen ez duen norbaitekin topatuz gero ez du bakerik ikuspegi hori aldatu arte.
Helburu berarekin datoz gaur gauean Hondarribia Blues Jaialdian parte hartuko duten talde eta bakarlariak. Arratsaldeko zortzietan hasiko dira kontzertuak, eta Shawn Pittman estatubatuarra izango da lehena (Obispo plaza, 20:00). Ordu berean, Girls With Guitars hirukoteak kontzertu akustikoa emango du San Pedro Kaleko Schuss agertokian. Dani Wilde, Samantha Fish eta Cassie Taylor musikari gazteek osatzen dute taldea, eta ostegunean Benta agertokian aritu ziren; zeresan handiko saio elektriko dotore bat eman zuten.
Benta agertokia bera izango da jaialdiko ikusminik handiena sortu duen kontzertuaren lekukoa. 22:30ean, The Mannish Boys taldeak nazioartean zirrara sortu duen ikuskizuna eskainiko du. Mundu osoko adituak bereganatu ditu Los Angelesko zazpikoteak. «Musikaren alderdirik sakonena eskaintzen du The Mannish Boysek», dio Wall Street Journal egunkariak.
Bihar izango da Hondarribia Blues Jaialdiko azken eguna. Arratsaldeko zortzietan, Raimundo Amador gitarra jotzaileak flamenkoa eta bluesaren fusiotik sortutako doinuak eskainiko ditu Benta agertokian.
HONDARRIBIA BLUES
Non. Hondarribiko kaleetan.
Noiz. Egun osoan (ikusi egitaraua).
Blues ilunabarra Hondarribian
Hondarribia Blues Jaialdiko hirugarren gauak ahots gazteak eta esperientzia handiko musikariak bilduko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu