Blusa eta Nesken 475 pegatina argitaratu dituzte

Rafael Resines artxibozainak 'Pegados a la Fiesta' liburua argitaratu du. 475 pegatinetatik 222 kontserbatzeko gorde dituzte fundazioan

Santiago eguneko baratxurien azoka. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gasteiz
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak bi urtez bertan behera gelditu dira, eta denbora horretan ez du denborarik galdu Rafael Resines Pradera (Gasteiz, 1980) Sancho el Sabio Fundazioko artxibozainak: Gasteizko blusa eta nesken kuadrilletako itsasgarrien bilketa egin, eta Pegados a la Fiesta (Jaiei itsatsita) liburua argitaratu du. Blusa eta nesken kuadrillek eranskailuak egin, zabaldu eta itsasteko joera hori ezaguna da Gasteizen, jaietan nonahi topa daitezkeelako eranskailu ohiko horiek. Koronabirusaren pandemia garaian hasi zuen bilketa, eta 475 pegatina lortu ditu: «Pegatinei estatus bat edo gorde eta biltzeko moduko dokumentu izaera eman nahi nien», artxibozainaren arabera.

Barre artean, prozesua «luzea eta gogorra»izan dela adierazi du, baina «jendeak oso ondo erantzun» duela gehitu du. Bildutakoen artean zaharrenak 1978. eta 1979. urteetakoak dira, Batasuna eta Jatorrak kuadrilletakoak, hurrenez hurren. Azken kuadrilla hori desagertu egin zen, ez baita egun ezaguna den Jatorrak kuadrilla bera. Trantsizio garaitik hasi eta 2019. urtera arteko itsasgarriak aurkitu daitezke liburuan: «Digitalizaturik bidaltzen zizkidaten edo bestela, pegatinak utzi, nik digitalizatu eta berriz itzultzen nituen», Resinesen esanetan.

Dokumentuak berreskuratzeko proiektu horretarako, kuadrillaren armarria edo izena agertzen duten itsasgarriak biltzeko deialdia egin zuen sare sozialen bitartez. Ahoz aho eta han eta hemen galdetuz, bildumagile eta bestelako norbanako anonimoak jarri ziren berarekin harremanetan. Gehienak horrela lortu ditu digitalizatzea. Sancho el Sabio fundazioan eta Udaleko Artxiboan aurkitutako batzuekin ere osatu du bilduma. Liburuko pegatina guztiak digitalizatu eta horietarik 222 fisikoki gorde dituzte kontserbatzeko Sancho el Sabio fundazioko artxiboan.

Egun deseginda dauden zenbait kuadrillaren pegatinak aurkitu daitezke liburuan, eta emakumezkoak kuadrilletan noiz sartu ziren lehenbizikoz ere antzeman daiteke, itsasgarrietan mezu ez-matxistak eta inklusiboagoak agertzen diren neurrian: «1990eko hamarkada garai iluna izan zen, mezu matxistak ageri direlako pegatinetan. Garai horretan, oraindik ez zegoen emakumezkorik kuadrilletan, eta gaur egun gaitzesgarriak diren mezuak dituzte». 2010. urtetik aurrerako itsasgarriek, emakumezkoak kuadrilletan sartu ziren garaikoek, mezu «guztiz integratzaileak»ageri dituzte, baita LGTBIQ+ kolektiboarekiko ere.

Eduki politikoa edo aldarrikatzailea duten itsasgarriak dira trantsizio garai horretakoak, aurkituriko zaharrenak direnak: besteak beste, ikurrinarenak daude. Resinesen arabera, «trantsizioko garai horretan guztiz aldarrikatzaileak dira pegatinak, urte horietan ez genituen eskubide asko aldarrikatu behar baitziren». Bestetik, umorea, ironia eta mezuak erraz zabaltzeko irudiak ageri dituztenak ere badaude: «Gerokoek ere badute kutsu aldarrikatzailea, esaterako, garaian garaiko alkate edo zinegotziari burla egiten dietenak modu ironikoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.