Baratxuri salmenta eta zezenetarako joan-etorria jaun eta jabe izango dira bihar Gasteizen, Blusen eta Nesken Egunean. Andre Mari Zuriko jaien atarikoa izango da Santiago eguna gasteiztarrentzat, festa giroan murgiltzeko entsegu nagusia. Baratxuri usaina goizeko lehendabiziko orduetatik barreiatuko da Gasteiz erdigunean, ohitura den moduan San Frantzisko aldapan baratxuri kordak erosteko hamaika salmenta postu paratuko baitituzte.
Kuadrilletako neska eta blusek ere Gasteizko kaleak hartuko dituzte goiz-goizetik. Hildako kideak omentzeko Santa Isabel hilerrian egindako ekitaldi xumearen ondotik, asto lasterketaren txanda izango dute, Andra Mari Zuriaren plazan.Bitartean, bestelako animaliak ikusi nahi dutenen biltoki bihurtuko da unibertsitate campusa, urtero legez, nekazaritza azoka egingo baita han, Arabako arraza nagusietako abelburuekin. Eguerdi aldean, herri kirolak izango dira Foru plazan. Musika kontzertua nahiago dutenek Florida parkera joan beharko dute, udal bandaren kontzertua izango baita, 13:00etan. Ordu berean, Zintzarri kuadrillak urteroko sari banaketa egingo du Arka plazan.
Bazkalostean, berriz, ohiko zezenetarako joan-etorria egingo dute blusek eta neskek. Manuel Diaz El Cordobes, Juan Jose Padilla, eta David Fandilla El Fandi toreatzaileak izango dira arratsaldeko saioan. Pilotazaleek ere euren kirola ikusteko aukera izango dute: 17:00etan partidak izango dituzte, Foru plazan.
Blusen eta Nesken Egunean baratxuriak eta zezenak jaun eta jabe Gasteizen
Santiago eguna ospatuko dute bihar Arabako hiriburuan, Andre Mari Zuriaren jaietarako entsegu gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu