Orbaibarren tradizio bilakatzeko bidean da Nafarroako Boilurraren Azoka. Dagoeneko zazpi antolatu dituzte, eta bihar izango da zortzigarrena, Orisoainen. Urre beltzak merezi du hainbeste. Orbaibatarrentzat urre beltza ez da petrolioa, boilurra baizik. Asko dakite hari buruz han; ez alferrik, haraneko lur sail batzuetan gastronomian osagai preziatuenetakotzat jotzen dena aurki daiteke. Horretarako, trebezia eta zerbait gehiago eduki behar da, edonola ere.
Boilurrari buruz asko ikas daiteke Orbaibarko azokan. Bihar, goizeko hamaiketan, zabalduko dute karpa Orisoaingo herriko plazan. Erakusketa eta salmenta izango dute han goiz osoan.
Nafarroako Boilurraren Azokan lurrak gordetzen duen altxor horrekin lanean dihardutenen ahotik, zer den, nola erabili eta abar ikas daiteke. Mundu oso bat dago boilurraren atzean, eta ikuspegi didaktikoarekin antolatu dituzte hitzaldiak. 11:30ean Ideia eta iraunkortasuna izenburupean, Manjares de la Tierra enpresakoek boilurraren industria zertan den azalduko dute.
Eguerdian iritsiko da eguneko ekitaldi ikusgarrienetako bat: boilurraren bilaketa basurdearekin. 12:00etatik aurrera herriko lur sail batean erakutsiko dute nola aurkitu boilurrak basurde eme baten laguntzaz.
Gastronomiaren atala ere derrigorrezkoa da halako azoka batean. 12:30ean Jorge Otsoak (El Merca'o jatetxea) boilurra sukaldean nola erabili behar den azalduko du Orisoain jauregian.
Ordu erdi geroago, sukaldaritzan ildo berritzailea sustatzen duen Tuber saria emango dute. Han izango dira euskal sukaldaritzaren hainbat ordezkari ezagun. 14:30ean bukatuko da azoka, boilur baten eta boilurrez egindako produktu saski baten zozketa egin eta gero. Irabazleek merezi bezala ospatzeko aukera izango dute jarraian antolaturik dagoen herri bazkarian, boilurrez ondutako orbaibartar eltzekarian.
EZARIAN
Boilurraren festa Orbaibarren
Nafarroako Boilurraren Azoka egingo dute bihar Orisoainen: hitzaldiak, erakusketak eta beste izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu