Boilurra azaleratzea. Hori da helburua, eta 2002an hasi ziren Boilurraren Azoka egiten Orbaibar inguruan (Nafarroa), eta urtero antolatu dute festa geroztik. Ez da lan erraza izan, antolatzaileek aitortzen dutenez. Sekretismoan murgilduta zegoen merkatua garai batean, eta horregatik abiatu zuten azoka: produktua argitara emateko. Salmenta zuzena sustatu dute urtero, eta hala egingo dute aurten ere. Orisoainen izango da azoka asteburuan.
Larunbatean abiatuko da programa. 11:00etan bisita gidatua izango da inguruko eliza eta ermita erromanikoetara, eta 18:30ean ardo eta boilur uztarketa. 10 euro ordaindu beharko dira parte hartu ahal izateko. Igandekoa izango da, halere, egun nagusia.
11:00etan hasiko da Boilurraren azoka, eta haien bila aritzen diren saltzaileei erosi ahalko dizkiete produktuak bertaratzen direnek. Festa giroa izango du herriak: erraldoiak, txistulariak, dantzariak... 12:00etan boilur-bilaketa erakustaldia izango da, basurde eme baten laguntzaz, eta 13:00etan Tuber saria banatuko dute. 14:30ean itxiera ekitaldia egingo dute, eta hainbat zozketa izango dira. Boilurrez eta haiekin osatutako produktuz betetako saskia zozkatuko dute.
Bazkaltzeko, berriz, boilurrez osatutako menu berezia prestatu dute inguruko hainbat jatetxetan.
Irtenaldiak boilur bila
Asteak dira Metauten (Nafarroa) Boilurraren Museoa ireki zutela. Eta hasiak dira alorretara irtenaldiak egiten ere. Igandeetan egiten dituzte.
Halere, urtarrilean izango dira onenean, boilurrak. Aurtengoa ez omen da urte oparoa izango, uda hezeak izaten baitira boilurrentzako onenak, eta aurten idor xamar joan da.
Asteburuko proposamenak
Boilurren merkatua azaleratzeko azoka
Orisoain. Boilurrari eskainitako azoka antolatuko dute asteburuan bederatzigarrenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu