Harro daude euren jatorriaz. Pozik sustrai euskaldunak dituztelako, eta horregatik saiatzen dira kosta ahala kosta euskal ohiturak mantentzen. Amerikako Estatu Batuetako Idahon euskal komunitate indartsua dago egun. Euskaldunen kalea, frontoia, euskal etxea eta taberna dituzte hiriburuan, Boisen. Hango Oinkari dantza taldea eta Amuma Says No musika taldea Euskal Herrian dira egun hauetan. Hainbat emanaldi eskainiko dituzte.
«Gure identitatea ez galtzeko garrantzitsua iruditzen zaigu tradizioak mantentzea. Horregatik dantzatzen gara», adierazi du Michael Murgoitio Oinkari dantza taldeko kideak. Igandero biltzen dira 60 pertsona inguru Boisekoeuskal etxean dantzatzeko. Batez ere, jende gazteak osatzen du taldea, 30 urte arteko pertsonek, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Luzaideko dantzak ikasten dituzte. Murgoitio lehen aldiz etorri da Euskal Herrira, eta zoratzen dago: «Nire bizitza aldatu egin da. Amerikarra eta euskalduna sentitzen naiz ni, eta hemengo kultura oso berezia iruditzen zait. Boisen euskaldunok ospe ona daukagu; batzuek inbidia ere badigute». Euskal Herriko jendearen abegikortasunaz harrituta dago: «Ezagutzen ez gaituzten pertsonek ere lagun minak izango bagina bezala tratatzen gaituzte».
Historia luzea du Oinkari dantza taldeak; orain dela 50 urte sortu zen, eta Euskal Herriko dantza taldeekin harremana izan du, betidanik. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak egin ditu zubi lanak, batez ere, bidaia antolatzerako orduan. «Bost urtetik behin jaialdi erraldoi bat egiten dute Boisen, eta 2005ean izan ginen han eurak gonbidatuta. Hurrengo urtean haiek etorri ziren Euskal Herrira», azaldu du Mikel Goitia Galdakaoko Andra Mariko kideak.
Dantza irakasle, Idahon
Dantza eskolak ematen ere izana da Goitia pare bat aldiz, Boisen. Esperientzia izugarria izan zela dio, eta zorte handiko pertsona sentitu zela. «Gogorra da dantza talde baten ardura eramatea Euskal Herrian. Erakundeek ez gaituzte baloratzen. Harrigarria da hara joan eta gauzak aurrera ateratzeko zer-nolako indarra duten ikustea. Estatu Batuetan jaiotako pertsonak dira; Euskal Herritik joandako hirugarren eta laugarren belaunaldiko jendea da, eta euskal ohiturei eusten jarraitzen dute. Zirrara sortzen dit, oraindik ere, egun haietaz gogoratzeak».
Amuma Says No musika taldeak girotuko ditu plazak Oinkariren dantza emanaldien ondoren. Izenaren jatorriaren berri eman du Fean Aucutt pandero jotzaileak: «Izenari buruz eztabaidatzen ari ginela taldeko abeslaria kexatu egiten zen, proposatutakoak bere amonari ez zitzaizkiolako gustatuko. Hortik sortu zen Amuma Says No». Amona Lidia Aldape da, oso ezaguna Boiseko euskal komunitatean. Lekeitioko eta Ispasterko gurasoak zituen, eta Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen arren, euskara ez du galdu.
Abesti amerikarrak eta euskaldunak tartekatzen ditu taldeak, euskaraz eta ingelesez, erromeria girokoak. «Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut abestia eta Joseba Tapiaren batzuk jotzen ditugu.
Daniel Ansotegi taldeko trikitilariak Joseba Tapia bera izan zuen irakasle. «Boisen egon zenetik ezagutzen nuen, eta Euskal Herrira etorri nintzen batean lau bat eskola eman zizkidan». Gainontzekoa, etxean bere kasa, belarriz ikasi du Ansotegik. Aitarengandik datorkio afizioa, hura artzain zela trikitiarekin egoten omen zen mendian, eta euskal musika entzuten hazi zen. «Gure bizimoduaren parte da euskal kultura». Taldeak ez du geratzeko astirik; Boisen San Ignazio eguneko festan, San Frantziskon eta Renoko euskal etxeetan joko dute. Boiseko euskal jatetxean hilero ematen dituzte kontzertuak, gainera.
Musika eta dantzaz gain, ordea, hizkuntza ere maite dute. Aucuttek eta Ansotegik euskara hutsean eman dituzte azalpen guztiak. «Euskalduna izateko euskaraz jakin behar nuela ohartu, eta Lazkaoko barnetegira etorri nintzen. Etxean ingelesez egin izan dugu beti», esan du Aucuttek.
Emanaldiak eta turismoa
Astebeteko egonaldia egingo dute Boiseko ordezkari euskaldunek Euskal Herrian. Dagoeneko Gernikan eta Gasteizen eskaini dituzte emanaldiak. Larunbatean Hendaian izango dira, eta igandean Añorgan (Donostia). Añorgan, 19:00etan, Arkaitz dantza taldea izango dute lagun. Tartean Euskal Herriko parajeak ezagutzeko eta festez gozatzeko asmoa ere badute, ordea. Lesakako sanferminetara joango dira, ziurrenik.
Boiseko euskal dantzariak
Amerikar euskaldunez osatutako Boiseko Oinkari dantza taldea Euskal Herrian da egun hauetan. Amuma Says No musika taldeak ere emanaldiak eskainiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu