Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek ez dute aukerarik galduko larunbatean Euskararen Eguna ospatzeko. Boiseko (Idaho, AEB) euskaldunek, esaterako, ekitaldi sorta aparta prestatu dute larunbat arratsalderako, Euskal Herritik urrun bada ere, Euskararen Eguna ospatzeko. Larunbat arratsaldean egingo dira ekitaldiak Boiseko Euskal Museoan, seietatik aurrera.
Era guztietako ekitaldiak prestatu dituzte: musika, ikus-entzunekoak, gastronomia...
John Bieterrek euskararen aldeko hitzaldia eskainiko du, adibidez; eta euskara eskola ere emango dute, hizkuntzaren berri izan nahi dutenentzat.
Jaietan gertatu ohi denez, musikak tarte handia izango du; euskal musika eskainiko du Txantxangorri taldeak, eta euskal kantu tradizionalak kantatzeko aukera ere eskainiko dute; gainera, euskal karaokearen lehiaketa ere prestatu dute, nahi duten guztiek euskal kantuak abes ditzaten.
Haurrentzako ere izango da ekitaldirik, euskarazko marrazki bizidunak eskainiko baitituzte. Gastronomiak ere tartea izango du: euskal poteoa egingo dute lehenik, eta, ondoren, taloak prestatuko dituzte.
Euskara ikasleek egindako bideo bat emango dute Euskararen Egunerako antolatutako ekitaldian.
Boiseraino iritsiko da Euskararen Eguna larunbatean
Musika, karaoke, bideo eta gastronomiarekin ospatuko dute Euskararen Eguna AEBetako Boise hirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu