Bola jokoa euskaldunen antzinako jolas eta jokoetariko bat izan da Erdi Aroaz geroztik. Araban, bereziki, bertako paganoen artean indar handia izan du aspaldidanik. XVII. mendean, herriz herri bolatokiak eraikitzen hasi ziren herriko eliza inguruetan edo udaletxe eta tabernetan. «Hasierako urte haietan, elizari boikot egiteko eraikitzen ziren bolatokiak; elizkizunetan parte hartzen ez zuten arabarrak hasi ziren bola jokoan, eta denbora gutxian garaiko aisialdian garrantzi berezia hartu zuen», Andoni Alvarez, Arabako Bolo Federazioko lehendakariaren arabera.
Jokoaren loraldi garaian Araban bolatoki ezagunak bihurtu ziren Betoñokoa, Armentiakoa, Gamarrakoa, Gasteizko Frantzia kalekoa eta beste hainbat herritakoak. Urteekin, jolasa joko bihurtzen joan zen, eta apustu handiak izan ziren gerora.
Araban, lau txirlo
Euskal Herriko alde bakoitzak jokatzeko modu eta araudi berezi batzuk izan ditu betidanik; boloaren pisua, txirloen kokalekua eta kopurua eta bolatokiaren beraren itxura aldatzen dira lekuan-lekuan.
30 metro luze izaten dituen bolatoki arabarrean, modu berezi batez jokatu izan dute gaurdaino. Egurrezko hogei metroko tabla luze batean zehar haritz egurrezko bi kilogramo inguruko bola bat jaurtitzen da arrastan. Hiruki forman kokatutako lau txirlo botatzea izaten da jokoaren helburu nagusia. «Txirlo bakoitzak bere lekua eta garrantzia izaten du, eta eskumutur eta behatzekin mugimendu berezi bat emanez botatzen da bola», Alvarezek argitu bezala.
Jokoari formaltasuna emate aldera, 1965ean Arabako Federazioa sortu zen lurraldean. Orduz geroztik, herrietako jai eta azoketan ez dira falta bola jokoak. «Oraindik bizirik dagoen eta geu indartzen saiatzen garen bola jokoa gero ere kultur ohitura izatea nahiko genuke. Joko zahar hau ondorengo belaunaldietara transmititzeko, hainbat egitasmo eramaten ditugu herriz herri», Alvareze dioenez. Azken urte hauetan bola toki ibiltariarekin ikastetxe ugaritan geldialdiak egiteaz gain, Foru Aldundiko Txapelketa, kuadrilla edo eskualdeetako herrien arteko txapelketak eta Herriarteko Txapelketa antolatzen dituzte Araban. Orain, 1977tik urtero jokatzen den herriarteko txapelketako bigarren kanporaketan ari dira lehian 60 herritik gora.
«Gaur egun, fenomeno bikoitza dela esan daiteke, herri kultur tradizio bat da oraindik ere, eta lurraldeko herrien arteko harremanari eusteko ere garrantzitsua da Araban bola jokoa», esan du Alvarezek.
Belaunaldiz belaunaldi
Hastapenetako urteetan gizonen jolasa izan bazen ere, «azken mende honetan gero eta emakume gehiago animatzen joan izan dira, eta gaur egun, gizonen pare jokatzen dute Araban emakumeek». Gazteei dagokienez ere, «jolasa eurena egiten saiatzen gara»; gero eta parte hartze handiagoa dago, eta, pixkanaka, txapelketetan parte hartzera animatzen doaz gazteak ere.
Hala ere, «beharrezkoa izango litzateke instituzioek eta oro har arabar guztiek interes gehiago jartzea bola jokoari, bertako kulturaren garrantzia indartuz bertako aisialdia indartzen jarraitzeko», esan du Federazioko lehendakariak.
Bola jokoa, arabar paganoen aisialdia
Araban bolatokiak aisialdirako gune eta igandetako elizkizunaren alternatiba izan dira mendeetan. Gaur egun, Foru Aldundiko Txapelketa, kuadrillako herrien arteko lehiak eta Herriarteko Txapelketak antolatzen dituzte jokoak iraun dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu