Bonbardaturiko azokatik, bizia

Oreka TXren, Kukai dantza taldearen eta beste sortzaile batzuen ikuskizun originala gaur, Gernikan

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena beteko da datorren ostegunean. TXEBI ARRIAGA / BUSTURIALDEKO HITZA.
Erredakzioa
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Urtebeteko elkarlana handikiro amaitu dute gaur, Gernikan, bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko indarrak batu dituzten erakundeek eta sortzaileek: Oreka TX txalaparta taldeak, Kukai dantza konpainiak eta Baleuko ikus-entzunezkoen ekoiztetxeak.

Zeruari kea dario jarri diote izenburua gaurko emanaldiari; izan ere, Zerutik sua dator dokumentalarekin eginiko lanaren amaiera ospatzeko modu bat da. Egoitz Rodriguezek zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta haren zuzendaritzapean egingo dute gaurkoa. Bonbardaketaren lekukoen hitzak jasotzen ditu dokumentalak, eta horietako batzuk txertatuko dituzte gaurko emanaldian.

Ordubeteko ikuskizunerako, Oreka TXk propio sortu du musika, eta Kukai dantza konpainiak koreografia original bat prestatu du. 1.000 ikuslerentzako aulkiak jarriko dituzte.

Aitzol Zubizarreta kazetariak egingo ditu aurkezle lanak. 1936ko gerran bonbardaturiko 37 herritako lekuko eta ordezkariak egongo dira Gernikako merkatu berrian. «Aurrera begirako ikuskizun bat da», dio Edu Barinaga ekoizleak. «Astakeria hura dramatizazio labur baten bidez kontatuko dugu; gero, kutsu positiboa emango diogu, esateko herri honek beste egoera bat eraiki eta gerratik bakera egingo duela».

'ZERUARI KEA DARIO'

Noiz. Gaur, 21:30ean.

Non. Gernikako (Bizkaia) merkatu plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.