Borda bat igaro ondoren, pentze bilakatu diren iraztorra ohien artean urratutako bidexka batean egingo dugu aurrera. Otso Erreka izendatua den xenda seinalatu hori, baina, inguru horretan utziko dugu, zuzen jarraitzeko, Bitaldeiko bordara eramaten duen bidexkan. Uritzarai izena duen bizkar honek, goratasun txikia izan arren -250 eta 275 metro inguru horietan-, oso-oso bista zabala eskaintzen digu. Mendebaldera, Lapurdiko eta Landetako itsasertza ageri da. Eta ekialdera, berriz, Pirinioetako mendi gora batzuk; haien artean Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Ansabehere, Atxerito, baita Lou Mosssou edo Pic du Midi d'Ossau bera ere, erraz ezagutuko ditugu. Hurbilago, besteak beste, hauek izango ditugu ikusmiran: Baigura, Elzarruze, Garralda, Mondarrain eta Urtsua. Artzamendiren gailurretik ere zertxobait ikusiko dugu.
ARGAXURIKO ERREKA. Bitaldeiko bordara heldurik (250), otatze mazela batean behera sartzen den lurrezko bide batetik jaitsiko gara, hego-ekialderat. Otatze bide horrek sigi-saga eramango gaitu behera, eta azken batean, erroitzaren zolaraino eramatean, xenda soil bihurtzen da. Mazela zolan garela, ametz eta urritzondoen artean jarraitzen du xendak, Argaxuria izeneko errekaren saihetsetik. Toki hori oso basatia eta miresgarria da. Argaxuriko erreka ibi batean igaro ondoren, ipar-mendebalderantz igo beharko dugu, Argaxuriko hegian gora. Aski laster, lurrezko bide batekin egingo dugu topo eta horri jarraikiko diogu. Une batez lurrezko bide hori bide harriztatu egiten da eta berehalaxe Harizmendia bordara helduko gara (275). Leku miresgarrian dago hori, lepo batean. Hemen balio du, benetan, atseden eta begi bazkatze geldialdi bat egitea, zeren eta, itsasalderako bista galdu bada ere, are zabalagoa egin baita mendi gorenen alderakoa.
Harizmendia bordatik aurrera, berriro egingo dugu topo horiz seinalatutako ibilbidearekin, eta amaieraraino jarraituko diogu. Kontuz, haatik, ekialderako norabiderat jotzeko,telebista hedagailu habe bati buruz. Haren albotik eta bi bordaren saihetsetik iragan ondoren, bidexka ote malda batean behera sartzen da, xenda bilakatuta. Une batez, xenda seinaledun hau norabidez erabat aldatzen da, guztiz mendebalderat jarraituta. Mazela odi bat igaro ondoren, Etxepareko borda deitutako laborantza eraikin polit batera helduko gara (250), apurtxo bat gora eginda. Handik aurrera, bide txiki baten gainean ibilita, hiru ordu laurdenez gehienetik jota, Donamartiriko plazara helduko gara, lau ordu eta erdi iraun digun ibilaldi goxo eta erraza amaitu- ta.
Belzunztarrak, Arberoako jaun
Harizmendia bordatik aurrera egin ondoren, behera egingo dugularik, jauregi dotore bat ikusiko dugu hego-ekialdean, Mehaine herriaren irteeran. Belzuntze jauregia da hori. Belzunztarrak sendi boteretsu bat izan ziren garai batean. Sendi horren sustraiak Arberoa eskualde historikokoa den Aiherra herrian daude. Belzunztarretatik ospe handiena Henri-François-Xavierrekbildu zuen, Marseillako gotzain izandakoak, adorez eta jendetasunez jokatu bide baitzuen 1720-1721 urteetan hiriak izurrite beltza jasan zuelarik.