Gaurko egunkarian hamar egunotan sartu dizkiguten zirien errepasoa egin behar nuela esan zidan Mikel furgoneteroak Korrika bukatu osteko bazkarian. Korrika bertan behera geratu dela sinetsarazi nahi izan dizkiguten aldiak ekarri zituen gogora, edo Habanako zazpi lagun gauez lasterka ibili zirela kontatu zigutenekoa —askok sinetsi egin genuen—, furgonetan ibili zuten Habana 7 botilarekin hitz jokoa eginez.
Ziria sartzen ahalegindu dira, bai, baina eskaini diguten laguntza ez da edonolakoa izan. Korrikaren berri eman dugun kazetariok ez bezala, furgonetan ibili direnek eguneko 24 orduak igaro dituzte Korrikan, hamalau orduko txandak eginez. Eta, noski, sarri askotan gure begiak izan dira, batez ere gauez. Goizean esnatzen ginenean, lotan geundela gertatutakoa kontatzen ziguten.
Baina, horretaz gain, Korrika barrutik zer den ere erakutsi digute. Alegia, talde lanak zer egin dezakeen ikasi dugu. Eta agerian geratu da ez dela gutxi. Orain artean gutariko askorentzat Korrika gure herritik bi urtean behin pasatzen zen lasterketa baino ez zen: furgoneta aurretik, lekukoa eta lasterkariak atzetik, eta musika ozena, baten batek euskararen aldeko aldarrikapenak oihukatzen dituen bitartean. Orain badakigu hori antolatzeak sekulako lana eskatzen duela, nik neuk neurtzen asmatu ez dudan tamainakoa.
Borondatez egiten duten lana da, borondaterik onenez. Askok beharlekuan oporrak eskatu dituzte Korrikara joan ahal izateko. Eta hamar egun hauek ez dira euretako bakar batentzat ere atsedenerako izan. Indarrak amaitu arte ibili dira. Hamaika telebistakoek egin dizkieten elkarrizketa sortetan euskara maite dutelako egiten dutela zioten. Hori da, bada, euskalakari izatea.
Korrikarentzat ez ezik, guretzat ere borondate ona izan dute. Askotan enbarazu egingo genien, euren beharra oztopatuko genuen. Baina, hala ere, taldeko kidetzat hartu gaituzte beti. «Seguruenik ez zenuen ezer ikasiko, baina ederto pasatuko zenuen», esan zidan Matuk igandean Donostian. Ondo pasatu dut bai, baina ikasi ere bai.
Furgonetatik
Borondaterik onenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu