Bortuan ez da beti sasoi..

Zuberoan antolatutako lehen Artzainen Eraisteari eguraldiak ez dio mesede egin. Haatik, jendeak gozamenez ikusi du ardi eta artzainen etxeratzearen ikuskizuna

Ligi-Atherei
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zuberoako mendi alagiak kudeatzen dituen egitura publikoak, Xiberoko Botingoak, Artzainen Eraistea eguna antolatu du lehen aldiz aurten, baina egunari ez dio mesede handirik egin eguraldiak. Euria barra-barra aritu zen joan den larunbatean, eta Larraine zein Santa Graziko bortuetatik -mendi alagietatik- eraitsi ziren ardi saldo eta artzainei harrera egiteko, aski jende gutxi zegoen Ligi-Atherei herrian. Bertaratu zirenek merezimendurik izan zuten... ez, haatik, artzain olaltetatik ardien zaindari eraitsi zirenek bezainbat! Hauek euria pairatu dute ordu luzetan, baita bidetik zihoazen autoei kabalak baztertzeko lan neketsuan aritu beharra ere.

Ligiko karrika nagusitik igarotzean, haatik, jende mordoa zuten zain, ardiei so geratzeko eta beraiei, berriz, agurrak emateko. Ezen, Zuberoa jendetza kontu hain txikia denez gero, guztiek elkar ezagutzen dute, gutxi edo aski. Herritar ikusliar horietan adin orotakoak baziren, gaztetxoetatik hasita gazte izandakoetara. Ardiak etortzean zein oletakoak ziren eta zein jaberenak ere bazekien jendeak. Jabea zein den jakiteko, hortxe dago tindua, ardiaren ilean jarria, batzuetan bekokian ere bai. Zenbait ardiren lepotik zintzilik, berriz, zintzarriak, bazterrak soinuz alegeratzen. Zuberoan laborantza eta artzaintza oraindik bizi diren seinale musikala.

Zintzarriak, lege zaharrez behintzat, ez dizkiote edozein ardiri jartzen. Aitzindari joera duten ardiei ematen zaizkie, besteek baino ausardia edo kopeta handiagoa dutenei. Eta haiek gazte-gaztetik hautematen dituzte artzainek. Ligi-Athereitik eta eraitsiera bideko beste herrietatik igarotzen ikusi dituztenek ardi arrazak bereizten ere jakin izan dute. Zuberoako artalde gehienetan, oraindik, euskal-biarnotarra deitu dioten ardi buruzuriada kopuru handienean. Urteak pasa ahala, haatik, manex burugorriak ere sartu dira. Gutxiago, aldiz, arraza zaharrena bezala emana dena, manex burubeltza, horri Zuberoako artzainek mesfidantza apur bat baitiote, agalaxia eritasuna zabaldu zaiolako nabarmen.

Botü lüze jokaldirik ez

Ligiko udal aterpean jarritako erakusketak -laborantza tresna, argazki, bideo- aro kaskarragatik ez ziren kaltetuak izan; kanpoan egin beharreko animazioak, aldiz, bertan behera geratu ziren. Egin gabe geratu zen, esaterako, botü lüze erakustaldia. Pilota jokoetatik aurren-aurrenekoa da hori. Lanek tarte bakanak uzten zizkietelarik, lehengo artzainak joko horretan ari ziren, pelotakagiak izeneko belardi lekuetan. Bi pilotari talde zeuden, bata besteari aurrez aurre jarria, inolako paretarik gabe.

Aurtengo Artzainen Eraistean, botü lüze partidarik ez da izan, beraz. Hurrengo urtean izango delako esperoan geratu da jendea, 2010ean ere ardiek eta artzainek bortuko bideak hartuko baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.