Datorren asteko estreinaldiak

Bortxaren isla, plano geldoan

Hegoaldean estreinatuko da 'Dasatskisi/Beginning' filma, Donostiako Zinemaldian lau sari irabazi ondoren. Jehovaren Lekukoen komunitateko kide baten kontakizuna du ardatz

Yanaren pertsonaia da filmaren hari zentrala, eta haren sentimenduen inguruko gogoeta islatzen du. Irudian, Yana, zelai batean etzanda. DASATSKISI / BEGINNING.
Nagore Arin.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Jehovaren Lekukoen komunitate txiki bati eginiko eraso batekin hasten da Dasatskisi/Beginning filma. Jazoera hori du abiapuntu, baina filmaren mamiak gehiago jotzen du Yanaren pertsonaiaren erraietara. Komunitate horren buruaren neska laguna da Yana, eta, filmean, hasieratik iradokitzen da pertsonaia hori bera izango dela ekoizpenaren hari zentrala. Donostiako Zinemaldian izan da aurten, Sail Ofizailean, eta ez da, inolaz ere, oharkabean pasatu.

Erasoaren ondoren, Yanaren pertsonaia gainbehera betean aurkituko da: lo egin nahi du, guztia atzean utzi, eta ihes egin. Baina komunitateak, familiak eta inguratzen duen guztiak ihesaldi hori baldintzatuko dute, eremu horietan dituen betebehar ugarik bertan gelditzera behartutako baitute. Tartean, Yanarentzat pisu handia duten ardura erlijiosoak eta jainkoari zein komunitateari begirakoak. Era horretan, Dea Kulumbegaxvili zuzendariak paisaiaren edertasuna Yanaren bortxarekin lotu nahi izan du, azalean dagoenaren eta sakonean dagoenaren bereizketa egin, eta bortxa hori agerian utzita.

Filmaren imajinarioak baditu erlijioari eta fanatismoari eginiko keinuak, baina zuzendariaren esanetan, filmaren atze oihala soilik dira. Ekoizpenaren funtsa gehiago ardazten da gizatasunaren eta giza kondizioaren inguruan. Eta horretarako baliatu du, batez ere, Yanaren pertsonaia: lider baten itzalean dagoen emakume bat.

Askotariko erreakzioak

Dea Kulumbegaxviliren lehen lana da Dasatskisi/Beginning. Bost urte eman ditu ekoizpena sortzen eta ontzen, eta, lehen lan mardula izanda ere, ausarta izan da filmaren ezaugarri teknikoei eta estetikoei begira. Lan berezi bat egin du, argazki finarekin eta sekuentzien izaera geldoarekin jolastuz. Hain justu, geldotasun hori da nabarmentzekoen artean dagoen ezaugarri bat; izan ere, plano luze eta estatikoak erabili ditu, kontakizunean nagusitzen den mehatxu hori ikusleengana garraiatuz.

Isiltasuna ere sarri erabili duen baliabide bat da. Hala, entzuten diren soinuei presentzia gehiago eman die: euliak, ur emaria... Eta entzuten denarekin eta ikusten denarekin batera, entzuten ez dena eta ikusten ez dena ere oso tentuz landu ditu. Ikus-entzuleen harridura eta interesa piztuz, kasu batzuetan, eta nahasmena eta galdera andana sorraraziz, beste kasu batzuetan. Horregatik, zinemazaleen artean erreakzio asko eragin ditu. Batzuek astun eta itogarri gisa definitu dute, eta beste batzuek, aldiz, aztoragarri suertatze hori ezaugarri eder gisa ikusi dute.

Zinemaldian, adibidez, lau sari ugari jaso ditu. Gutxitan ikusi da hori jaialdian; batez ere, lau sari horietako bi, filmik onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra direnean. Baina, horiez gain, emakumezko aktorerik onenaren eta gidoirik onenaren saria ere jaso zituen. Ia Sukhitaxvili aktorearen lanari zor irabazi zuten lehena, Luca Guadagninoren jardunari esker bigarrena.

'DASATSKISI / BEGINNING'
Zuzendaria. Dea Kulumbegaxvili.
Aktoreak. Ia Sukhitashvili, Rati Oneli, Kakha Kintsurashvili, Saba Gogichaishvil.
Herrialdea. Georgia.
Urtea. 2020.
Iraupena. 125 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.