Jaiak. Txantrea

Bost egun parranda etengaberako, ordurik gabe

Gaur hasiko dira Iruñeko Txantrea auzoko jaiak, eta asteartera arte izanen da non gozatua

Bihar eguerdian eta igande arratsaldean aterako da kalera Txantreako erraldoien konpartsa. BERRIA.
Iruñea
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Astebete daramate motorrak berotzen Iruñeko Txantrea auzoan. Aurreko astean Aste Kulturala egin dute, eta gaur, suziria piztu eta gero, jaia kalez kale barreiatuko da. Unai Salanueva intsumiso zenaren sendiak eta lagunek botako dute txupinazoa, 20:00etan.Une horretatik aurrera, eta bost egunez, jai giroa nagusi izanen daTxantrean. Auzo gutxitan aurki daiteke Txantrean dagoen herri giroa. Horregatik, jaiak antolatzeko tenorean, xede argia izan dute: giroak auzoko bazter guztietara iritsi behar du.

Gaur hasi eta asteartera arte hamaika ekitaldi izanen da auzoan: haur, gazte eta helduek badute zer aukeratu. Gauerako lau jai gune antolatu ditu jai batzordeak: Festaleku, Armonia peña, Akelarre taberna eta Ezkaba plaza. Festalekun eta Akelarren, musika izanen da nagusi eta hainbat kontzertu izanen dira egunero. «Festa auzoko kaleetan barrena zabaltzea nahi dugu», dio Gaizka Aizagar Txantreako jai batzordeko ordezkariak. Eta hori bada helburua, auzoko jendeak jaien inguruan duen jarreragatik da. Txantrean auzokide guztiek lagundu dute jaien prestaketan.

Jaiak ordaintzeko diruaren zati handi bat auzokideek eman dute. Alde batetik, merkatariek eta tabernariek dirua eman dute beren denda edo taberna jaietako egitarauaren laguntzaile gisa ateratzeagatik. Bizilagunek, berriz, nahi duten diru kopurua eman zuten joan den larunbatean, etxez etxe egin zen diru bilketan. Joan den urtean bezala, aurten ere ez dute Iruñeko Udalaren diru laguntzarik jasoko. Duela bi aste bildu ziren udaleko ordezkariekin, eta Aizagarrek dio «onartezinak» direla laguntza eskuratzeko jai batzordeari ezartzen zaizkion baldintzak. Musika emanaldien ordutegia mugatzeko eta kalean jartzen diren pankarten erantzule egiteko eskatu die udalak, besteak beste.

Kalderetea, karrikadantza...

Lortu nahi duten herri eta kaleko giro horren adibide nagusia bihar prestatuko diren kaldereteak dira. 14:00etan da ordua, Alemanetan. «Joan den urtean, mila lagun inguru bildu ginen». Auzoko jende asko elkartuko da bertan. Kaldereteak bukatu eta gero karrikadantza eginen dute. Txarangaren doinuz lagundurik, kalez kale ibiliko dira dantzan eta edanean. Astelehenerako, berriz, txokoz txoko ibiltzeko aukera proposatzen du jai batzordeak. Txokoak Txantreako etxe askotan dauden baratzeak dira, eta baratzetik baratzera txarangarekin ibiliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.