Jaiak. Agoitz

Bost eguneko bestari hasiera emateko prest daude Agoitzen

Aurrekontua gutxitu duten arren, bestetan ekitaldi asko izanen dira; bazkaria eta pilota partidak besteak beste

Egunero aterako da Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, haurrek dantzan ikus ditzaten; bihar erraldoi topaketa izanen da. BERRIA.
Iker Tubia.
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bestei ekiteko dena prest dago Agoitzen. Gaur izanen da txupinazoa, eta sanmigelez gozatuko dute herritarrek asteazkenera bitarte. Aurtengoak «trantsizio» bestak izanen direla esan du Unai Lako Agoizko alkateak. Izan ere, udal gobernuan sartu berri da bere alderdia, eta ez dute aukerarik izan bestak nahi gisan antolatzeko. Hala ere, herri mugimenduarekin elkarlanean aritu direla esan du.

Aurrekontu txikiagoa izanen dute aurtengo bestek. Krisiaren eragina nabaria izaten ari da herrietako bestetan, eta Agoitzen ere halaxe izan da. 10.000 eta 15.000 euro bitartean murriztuko da gastua. Hala ere, ekitaldi ugari prestatu dituzte. Jende gehien biltzen dituztenak pilota partidak eta herri bazkaria dira. Astelehenean izanen da otordua, eta paella prestatuko dute 550 pertsonentzat.

Erraldoi eta buruhandiek ere ikusmira handia piztu ohi dute; batez ere txikien artean. Egunero aterako dira kalera, eta erraldoien topaketa eginen dute bihar. Hori ez da izanen haurrei zuzenduriko ekitaldi bakarra, egunero antolatu baitute jolastokia kirol gunean. Gainera, astelehena haurren eguna izanen da.

Berritasunak ere izanen dira. Haien artean daude arratsaldetan eginen diren kontzertuak. Horietako bat sahararrek prestatuko dute. Astelehenean izanen da, beste ekitaldi sahararrekin batera. Goizean haima bat paratuko dute, eta saharar joko tradizionalak eginen dituzte. Lakok azaldu du saharar asko dagoela Agoitzen, eta horregatik prestatu dituztela ekitaldi horiek.

Bestelako berritasunik ere izanen da. Adibidez, zezensuzko bakarra atera beharrean, bi izanen dira gauero. Haur mozorro lehiaketa eta helduendako dantza txapelketa ere antolatuko dituzte lehenbiziko aldiz. Pilota partidan ere izanen da berrikuntzarik, eta Patxi Eugi agoiztarrak jokatuko du, besteak beste. Dena den, bestetako egitarauak nahiko zurrunak direla uste du Lakok. «Dianak, erraldoiak, bigantxak, dantzak, su festa, eta dantzaldia». Horregatik pentsatzen du ez dagoela berrikuntza asko egiterik.

Herritarren parte hartzea

Aurtengo bestak prestatzeko, udalak bi bilera egin ditu herritarrekin. Haien ekarpenak bildu eta egitarauan sartzen ahalegindu da. Lakok dio proposamen gehienak «xumeak» zirela, hau da, kostu txikikoak. Beraz, ez dute arazo handirik izan. Bilerez gain, herri mugimenduaren parte hartzea bultzatu du Agoizko Udalak. «Orain arte batzuk kanpoan geratzen ziren; horregatik, aurten talde guztiei egin diegu parte hartzeko gonbita», azaldu du. Hala ere, ekitaldi asko lehenagotik prestaturik zeuden.

Angiluerreka kultur elkarteak ere hainbat ekimen prestatu ditu bestetarako. Besteak beste, bere esku egon ohi da Gazte Eguna antolatzea. Txupito lehiaketa prestatu dute egun horretarako, eta herri bazkaria eta dantzaldia ere izanen dira. Aurten 25 urte beteko ditu elkarte horrek, eta horregatik omenalditxoa prestatu du Agoizko Udalak. Gaur bertan eginen dute, txupinazoaren aurretik, eta opari bat emanen diote Angiluerrekari. Gainera, bigarren suziria haiek botako dute. Lehenbizikoa, berriz, Unai Lakoren esku egonen da. Hala ere, heldu den urtetik aurrera ez du alkateak erabakiko suziria nork botako duen. Batzorde bat osatuko dute herriko eragile guztiekin, eta erabaki hori haiek hartuko dute. Suziria botatzeak «ilusioa» egiten diola esan du alkateak, baina aitortu du suziriak ez zaizkiola sobera gustatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.