Ezarian. Donostia 1912

Bost eraikin aro bat islatzeko

Horcajo, Blasco eta Fernandez historialariek bost eraikinen historia aztertu dute

1912ko uztailaren 12an  inauguratu zuen Maria Kristina erreginordeak bere izena duen luxuzko hotela. KUTXA FOTOTEKA.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Donostiako azken mendeko historian mugarri izan diren bost eraikinen urteurrenak inspiratu ditu Lola Horcajo, Carlos Blasco eta Juan Jose Fernandez historialariak, eta San Sebastián 1912 liburua idatzi dute. 2012an mendeurrena beteko duten bost eraikinen historia aztertu dute lan horretan, eta eraikin horiek gaur egun Donostiak bereganatua duen nortasunean izandako garrantzia azpimarratu dute.

Hiriko merkataritza abiapuntu hartuta, Donostiako historia hurbila aztertzen eman dituzte azken hiru urteak. Jada liburu dendetan salgai dago Horcajo, Blasco eta Fernandezen lana, eta San Sebastián aldizkariko lehenengo alea izango da.

Ez dute eraikin horien ehun urteko historiaren bilakaera aztertu, sortze garaiko azalpenak bakarrik azaldu dituzte. Eraikin horiek sortu aurretik Donostiaren egoera zein zen ere azaldu dute, eta garai hartako argazkiekin apaindu dute lana.

Galtzen ari diren saltoki txikien memoria berreskuratzearren hasi ziren horiei buruz idazten. Maria Cristina hotelari eta Viktoria Eugenia antzokiari buruzko aldizkaria prest zuten, baina ustekabean Igeldoko aisialdi parkea eta Perla bainuetxea ute hartan bertan eraiki zituztela eta Topoa Donostiara orduan iritsi zela ohartu ziren. Hortik abiatu, eta Donostiaren argialdia islatzen duten bost eraikinei buruzko zenbaki bat idatzi dute.

Marino Tabuyo orduan alkate izandakoari buruzko atal berezi bat ere prestatu dute. Garrantzitsua izan zen Tabuyoren lana. 1910. urtetik aurrera Donostian egindako eraikinen bultzatzailetzat jotzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.