Ipar Euskal Herriko kultura sorkuntzei tarte egingo die hilabete honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak. Hamar urte betetzen ditu aurten, gainera, Iparraldea Bertan! zikloak.
Bost hitzordu prestatu dituzte hileko asteazken guztietarako. Gaur bertan ekingo diete emanaldiei, Alexis Etxekopar Attuli Zuberoako konposatzailearen omenezko kantaldi batekin. Jean Noel Pinque, Jean Pierre Luro, Lucien Joa eta Jean Marie Haritxabalet abeslariek haren kantuak eskainiko dituzte.
Datorren astean, Peio Etxeberri-Aintzart historialariak Aberri txiki, aberri handi izenburupean hitzaldia eskainiko du. Musika nagusituko da, berriz, hilaren 16an, Kalakan hirukotearen doinuak entzun ahal izango dira.
Umoreari egingo diote tartea hilaren 23ko emanaldian, Kike Amonarrizek eta Pantzo Hirigaraik iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen arteko ezberdintasunak aipatuko dituzte umorez betetako hitzaldian.
Azken hitzordua hilaren 30ean izango da, eta ipuinari zuzenduko zaio. Koldo Ameztoiren Biribilketa, luma beltza ikusgarria izango da.
Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.
Bost hitzordu, Ipar Euskal Herriko kultura sorkuntza ezagutzeko
Gaur hasiko da Iparraldea Bertan! zikloa Donostian, Alexis Etxekoparren omenezko kantaldiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu