Artisau produktu ekologikoak erosteko aukera paregabea izango da larunbatean, Donostian. Izan ere, Euskal Jaien harira, XI. Azoka Ekologikoa ipiniko dute Bulebarrean, Donostiako Udalak, Behemendi Elkarteak eta Biolur Elkarteak antolatuta. Naturaren, animalien eta gizakien etorkizuna errespetatuz eta kalterik eragin gabe ekoitzitako produktuak eskainiko dituzte. Produktuek badute berezitasunik: modu ekologikoan zaindutako artisau produktuak izango dira, gizakien osasuna eta ingurumena zainduz, modu iraunkor eta eutsigarrian.
Euskal Herriko hainbat tokitako ekoizleek ipiniko dituzte erakusmahaiak, euren baserrietako produktu ugarirekin: Tolosa, Igeldo, Zarautz, Hernani, Berriatua, Aretxabaleta, Donostia eta beste hainbat lekutakoak. Askotariko artisau produktuak eskainiko dituzte, jakiak zein edariak: ogia, gozoak, jogurta, gazta, barazkiak, fruitu txikien zuhaitzak, esnea, ardoa eta sagardoa, esaterako.
Bisitariek hainbat abantaila izango dituzte. Etorkizuna zaintzeaz gain, informazioa zuzenean jasoko dute, produktuaren ekoizleekin harreman zuzena edukiz. Galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera paregabea izango da: non ekoitzi den, noiz, nola... Biolur Elkartearen informazio gunea ere egongo da erabiltzaileen eskura, eta liburuak eta eurak sortutako material didaktikoa eskainiko dituzte.
Goizeko hamarretan zabalduko dute azoka, eta arratsaldeko hirurak arte egongo da irekita.
Bost ordu ekologiko
Donostian azoka ekologikoa jarriko dute larunbatean, eta artisau jakiak eta edariak eskainiko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu