Festiclown Palestina 2011n sortu zuten, okupazio israeldarraren blokeoa gainditu eta Palestinan irria zabaltzeko. Horri buruzko dokumentala emango dute gaur Iruñeko Kondestable jauregian, 19:00etan, eta gero solasaldia izanen da jaialdiko zuzendari Ivan Pradorekin (Lugo, Galizia, 1974).
Terrorista ludikoa zara?
Gurekin, inor lehertzekotan, barrez lehertzen da, gure armak esne gain tartak dira, gure misilen kontrako ezkutuak sudur gorriak dira, eta sistemak eraikitzen dituen lotsaren hormak botatzeko gure artilleria haien aurrean biluztea. Beraz, matxinada eta alaitasun kontzeptu bat da. Gu terrorista ludikoak gara, jendeari irri eragiten diogulako eta esperantzaren banderari goian eutsi diogulako, baita bonben azpian ere. Terrorismo globalaren sistema honen aurka egiten dugu.
Hori da pailazoen eginbeharra?
Interpretazio utopiko batetik, boterea ezbaian jartzen duten diskurtsoak sortzen ditu pailazoak, eta herritar aktiboak sustatu. Zirkuak utopiak sortzeko makineria handiak ziren: jendeak hegan egiten zuen, txapeletatik animaliak ateratzen ziren... Arte diziplinaren bidez, beti demostratu du utopiaren eta esperantzaren bideragarritasuna. Pailazoak josi du saioaren haria urteetako arte konprometitu eta errebeldean. Gaur, demokrazia, askatasuna, terrorismoa hitzak darabiltzan sistemaren aurka egiten du.
Eta irria al da armarik onena?
Ez dakit zein diren armarik onenak. Nik hori dut gertuen. Arma deitzen ahal dugu, edo tresna, edo mundua aldatzeko palanka. Guk arauen aurka egiten dugu, oroitarazteko gizakia izaki ez-perfektoa eta osatugabea dela, eta horregatik liluragarria dela eta bizirik dagoela. Gure akats, ergelkeria eta osotasun falta onartzeko gaitasunean dago atsegin ez duguna aldatzeko indarra.
Festiclown jaialdiak zer ekarri dio Palestinari bost urteren ondoren?
Beste bi aldi, 2014an eta 2015ean egon garelako. Maila artistikoari dagokionez, arrastoa utzi dugu: jaialdiaren eragina eta formazioa izan duten pailazoak daude ospitaleetan, adibidez. Badira Festiclown bere egin duten komunitate osoak. Gainera, okupazio genozida sionistaren aurkako erresistentzian antolaturik dagoen gizarte zibilarentzat mundura ateratzeko eta mundua jasotzeko leiho bat da.
Ekintzak ere egiten dituzue.
Bai, ekintza zuzenak. Lotsaren harresian biluztu gara, palestinarrak torturatzen dituzten Jerusalemgo polizia etxeen aurrean ekintzak egiten ditugu, eta ia legez kanpokoak diren ekintzak Damaskoko atean eta Palestinako antzoki nazionalean.
Hango lana ez da han geratzen.
Karabana gehienek proiekzio bat dute. Etxera itzultzean, Palestinan bizi dutena kontatzen dute, eta hori ere bada informazio manipulazioaren eta isiltasun konplizearen horma ikusezina botatzeko modu bat. Hori da dokumentalen eta gure lanaren %40aren oinarria.
Nola egiten da irri, egoera negargarria denean?
Gazan mortero batek bonbak botatzen zituela, jendea ez zen eserlekutik altxatzen. Sekula ez dut ikusi Chiapasen, itotzen dituzten komunitateetakoa bezalako jende alaia. Hainbat herrialdetan egon naiz, eta onartu beharra dut: bizirik irauteko eta beste mundu bat eraikitzeko borrokatzen diren herrietan dago publikorik alaiena, eskuzabalena, gertukoena eta samurrena. Rion [Brasil], faveletako publikoak hunkitu ninduen, zirkuan ikusi dudan publikorik kultuenetakoa zen.
Batzuei ez die grazia handirik eginen zuen lanak. Horiek seriotasunaren gaixotasuna dute?
Israeli gaizki iruditzen zaio palestinarrei irri egiteko aukera ematea. Melillako hesian biluzten garenean, fatxei gaizki iruditzen zaie, oso serioa delako eta ezin dugulako ukitu. Hori esan zigun Guardia Zibilak. Boterearen gaixotasunaren sintoma da. Horientzat deserosoak gara. Beharrik irri eginarazten dugula.
Hala izatea nahiago duzue, ezta?
Matxinada eta gizatasun ekintza da gurea, ez nagusitasun artistikoarena. Gertuago dugu jendearen borroka eta izerdia, nazioarteko espektakuluaren aparatu handiak baino. Hori da gure funtzio historikoa: herriek sortu zuten pailazoaren figura, botereaz irri egiteko.