Igaro den astean, hainbat lankiderekin bat egin nuen kongresu batean, eta, horrelakoetan, beti beste modu batean ateratzen eta aztertzen dira lanbide inguruko gaiak. Gaurkoan interesgarriak izan daitezkeen batzuk jorratuko ditugu.
Ba al dakizue Amerikako Estatu Batuetan buru osasun arloko gaixotasunak epidemia bilakatzen ari direla? Zenbakiak kontuan hartuta, tratamenduen kopuruak itzelezko gorakada jasan du. Eta ez hori bakarrik; AEBetako buruko osasun arazoengatik elbarritasun iraunkorra sufritzen duten kopurua bikoiztu egin da 1987 eta 2007 bitartean. Eta umeen artean hiru bider gehiago areagotu da: hiperaktibitatea eta arreta arloko ezintasunak bultzada horren atzetik dabiltza.
AEBetan gertatzen direnak batzuetan urrunetik ikusten ditugu. Zoritxarrez, baina, sarritan zazpi edo hamar urteren bueltan gure artean bizi-bizirik dauzkagu. Beraz, azter dezagun zer gertatu den arrazoiz kanpokogorakada hori ulertzeko.
Alde batetik, buruko gaitzetan erabiltzen diren terapiarik ugarienak botikak dira. Eta horixe ez da bakarrik AEBetan gertatzen, gure Euskal Herrian ere hala baita. Azken lau hamarkadetan, botika industriak eta medikuntzak, orokorrean, buru osasuneko problemak arazo fisiko gisa azaldu dituzte —nerbio sistemaren desoreka kimiko hutsa—. Eta, noski, ikuspegi horretatik, depresioa serotonina arazo bat besterik ez da, adibidez. Psikologoek jakin badakigu beste faktore batzuk ere kontuan izan behar direla serotoninaz gain, baina... Beraz, serotonina kopurua ardatza balitz, depresioaren aurkakoak ongi hartuta pertsona osatu egingo litzateke, ezta? Teorian bai, baina, zoritxarrez, datuek ez dute hori adierazten. 1987an Prozac depresio aurkako botika famatua merkatura irten zenetik hona, depresioa sufritzen duten kopurua hirukoiztu egin da, eta orain AEBetan sei urtetik gorakoen artean depresioaren aurkakoak egunero hartzen dituztenak %10 dira. Datuen arabera, gaixotasunak gora egin du. Beraz, zerbait gaizki egiten ari gara, ezta?
Gaixotasuna merkatu huts bihurtu eta botika industria merkatuaren gidaria denean,osasun sistema eta gizartea bera hankaz gora jartzen dira. Ikertzaileek aztertu dutenez, psikoterapia kognitibo-konduktuala dira herstura eta depresioaren aurkako tratamendurik eraginkorrenak. Pilulak baino merkeagoak dira, eta emaitza hobeak lortzen dituzte. Baina, ez AEBetan bakarrik, gure osasun sisteman ere buruko gaitzetako arazoak tratatzeko sarritanbotikak erabiltzen dira bakar-bakarrik. Amerikartzen ari al gara?
Gai hau interesgarria iruditzen bazaizu, irakurri: http://www.nybooks.com/articles/archives/2011/jun/23/epidemic-mental-illness-why/?page=1
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Botika gehiegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu