Ardoaren produkzioan badira zenbait ohitura; egia da urteen joan-etorrian gauza batzuk aldatu direla, teknologiak bultzatuta. Baina beste batzuk beti-betikoak dira; horietako bat da ardo botilen forma, itxura. Martin Berasategi sukaldariak bere izena eman dion patenteak hautsi du araua. Martin Berasategi System botila, ardo botila eta dekantagailua da aldi batean. «Bere formari esker, dekantagailuaren lanak egiten ditu; ardoaren hondarrak eta lohitasunak botilan gelditzen dira, hondoan itsatsita, edalontzira atera gabe», dio Martin Berasategi sukaldariak. Helburua argia da: ardoa ekoizteko prozesuan dagoen urrats antinaturalena ekiditea, ardoa upeltegian filtratzea ekiditea, alegia.
Botila eraginkorra dela pentsatu dute Maison Blanche Frantziako upeltegi prestigiotsuko arduradunek, eta forma iraultzailearen aldeko apustua egin dute Louis Rapin 2008 beren ardo onenetakoa botilaratzeko. Maison Blanchekoek azaldu dutenez, «soilik mahatsekin egina da ardo hori, sulfitorik gabe eta beste gehigarririk gabe; nanoteknologiarik ere ez dauka, ezta kontzentrazio artifizialik, esterilizaziorik edota pasteurizaziorik ere». Finean, Montagne Saint-Emilion sor-markako ardo naturala da oso-osorik, urtetan Frantziako haritz egurrez egindako upeletan ondua.
Itxura batean, ardoa upeltegian filtratu beharra ekiditen duen botilak egokia izan behar du halako ardo batentzat. Hala uste du Maison Blanche upeltegiko arduradun Nicolas Despagnek. «Harribitxia da, produktu naturala duelako bere barruan. Denboran aurrera irauten duten ardoentzako botila egokia da; garra da, sua, fina eta dotorea».
2011n jarriko dute salgai
Martin Berasategi System bere egin duen lehen ardo frantziarra da Louis Rapin 2008. MBS botila urte hasieran aurkeztu zuten, eta emeki-emeki ardo industrian hedatzen ari da. «Dagoeneko botilak saltzen ditugu Portugalen, Italian eta Frantzian, adibidez», dio Berasategik. «AEBetan, Japonian eta Txilen ere kontaktuak egiten ari gara». Halaber, olioaren alorrean sartu nahi dute: «Botila garatzen ari dira olioa ere barruan har dezan», dio Berasategik. «Gastronomiaren barruan ere aukera eta bide berriak zabaltzen ditu; guk olio aromatizatuekin eta zukuekin erabiltzen dugu gure jatetxean».
Louis Rapin 2008 bere botila berrian, hots, Martin berasategi Sysmen botilaren barruan, 2011ren hasieran jarriko dute salgai, 45 euroren truke. Ardo botila tradizionalaren aldean MBSek itxura berria eskaintzen du, bitxia; desberdina, hitz batean. Garrantzitsuena bere eginkizun praktikoa da, ordea.
Botila eta dekantagailua
Maison Blanche upeltegi prestigiotsuak Martin Berasategi System botila aukeratu du Louis Rapin 2008 ardoarentzat; bere formari esker, dekantagailuarena egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu