Igande gauean Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak emateko lan handia egin zuen BERRIAren webguneak. Emaitzak iritsi ahala eman zituzten, eta gau osoan sortutako berriak jaso ahal izan zituzten internautek euskaraz. Hala, igandean, gauerdira arte 21.972 bisita izan zituen Berria.info-k. Atzo, berriz, 20.000 bisita baino gehiago jaso zituen webguneak arratsaldeko 16:30erako.
Halaber, Berria telebistak hauteskundeetako saio berezia egin zuen igandean. Idurre Eskisabelek gidatuta, Mikel Elortzak eta Lorea Agirrek gaueko emaitzen analisia egin zuten. Programak 20:30etik 23:15era iraun zuen. Andoaingo erredakziotik egin zuten saioa, hainbat gonbidatu eta zuzeneko telefono deiekin.
BERRIA Taldeko sare sozialean, Berriketan.info-n, unean uneko kontaketa egin zuten BERRIAko kazetariek.
Hamaika telebistan ere hauteskundeetako saio berezia egin zuten, Iker Zabala eta Itxaso Martin kazetarien eskutik. Hamaikaren historian aurreneko aldia da modu horretako hauteskunde saio bat egiten dutena. Juanan Barrenetxea EHUko irakaslea, Joxe Felix Azurmendi kazetari beteranoa eta Andoni Olariaga filosofoa izan ziren platoan, hauteskundeetako emaitzak eta egungo egoera politikoa aztertzen. Bi orduko saioa egin zuten, 21:00etatik 23:00etara.
ETB2ko saioa, gehien ikusia
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETB2ko hauteskunde saioak lortu zuen ikusle gehien: 184.000 ikus-entzule eta %20,8ko kuota. Duela hiru urteko hauteskunde saioak 3,4 puntu gutxiago izan zituen. Euskaldunen artean ikusle kuota %26,3koa izan zen.
ETB1 kateko albistegiak, berriz, %3,4ko ikusle kuota izan zuen hauteskunde gauean. Euskarazko katearen batez bestekoa urrian %1,7koa izan zen. 251.000 lagunek egin zuten bat uneren batean euskarazko saioarekin.
La1 kateko saioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 122.000 ikus-entzule izan zituen, eta %12ko ikusle kuota.
Espainian, La1 kateko hauteskunde saioa izan zen ikus-entzule gehien izan zuena, %15,7ko ikusle kuotarekin. Kataluniako, Galiziako, Euskal Herriko eta Espainiako datuak batuta, hiru milioi ikus-entzule izan zituen Ana Blancok, Pepa Buenok eta Ana Pastorrek TVErako aurkeztutako saioak. Kate pribatuetan, Antena3eko saioak %10,4ko ikusle kuota izan zuen; Tele5koak, %6,4koa; Intereconomiakoak, %2,9koa; eta La Sextakoak, %2,7koa. Canal24 Horas kateak (TVE) %2,1ko ikusle kuota izan zuen, eta Veo7k (El Mundo), %0,5ekoa.
Kate jeneralisten artean, La1k eta La Sextak saio berezi luzeak egin zituzten. Antena3ek eta Tele5k, berriz, 22:30erako amaituak zituzten hauteskundeen gaineko programak, eta ordu horretatik aurrera batek film bat eman zuen, eta besteak, telesail bat.
Katalunian, TV3 kateak lidergoa lortu zuen. ETB2k lortutako datuaren oso antzekoa izan zuen hauteskunde gauean: %20,3ko ikusle kuota. 610.000 ikus-entzule izan zituen programa bereziak.
Komunikazioa
Bozen jarraipen zabala egin zuten BERRIAko webguneak eta telebistak
Berria telebistak ia hiru orduko saioa egin zuen, eta webguneak igandean 21.972 bisita izan zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu