Ezarian. Inauteriak

Brasil, Garzon eta beste

Emazte bila dabiltzan baserritarrak, N-1 errepideko radarrak, Garzon epaileak... Irudimena ez da falta hirietako kaleetan inauterietan. Donostiako eta Bilboko txoko ugari kolorez bete dira, erritmo uholde ero batean.

Auto eroen desfilea, Karrikaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Martin Nagore Ares
Donostia-Bilbo
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Donostia ez da Rio eta Bulebarra ez da sanbodromoa, baina kasik. Atzo arratsaldean hirian barna ateratako konpartsek Brasilgo inauterietako espiritua hartu zuten erreferentzia nagusi gisa; zenbaitek Carlinhos Brownen doinuak eta Rioko Jainkoaren estatua erraldoia ere sartu zituzten karrozetara. Koreografia anitz, kolore gehiago eta erritmoa nonahi; dozenaka karroza zabaldu ziren Donostiako erdiguneko kaleetan zehar. Gazteak ziren haietako parte hartzaile gehienak, neskak mutilak baino gehiago, gaztetxoak askotan, umeak sarri; baina nekeak ez zituen hartu, jo eta su ibili baitziren Momo jainkosak gidatutako inauteri koloretsuan.

Errepideak, sofistikazio eta xehetasunez beteriko karroza ikusgarriekin beterik, eta bide bazterrak, mozorrorik gabeko begiralez josita. Horixe zen argazkia kale askotan. Gurasoak klik eta klik argazki kamerari eraginez, baina euren mozorroa etxean ahazturik maiz. Bien bitartean, Safari Alaia, Intxaur Txiki, Oddisey, Fama eta beste konpartsa ugarietako parte hartzaileak animazioa jartzen zuten, hala errepidean nola karrozen gainean, diskoteketako gogo-ak balira bezala, bakoitzak bere musikarekin, eta nahasketa ero bat sortzen zuten desfilean. Inauterien arima bistan.

Iluntzean atera ziren konpartsa tradizionalak: Lorezainen konpartsa (Eskola), Antiguako Kaldereroen konpartsa, Lanpernen konpartsa (Union Artesana), Loiolatarra danborrada eta Oilarren konpartsa (Gaztedi). Han ere ez zen girorik falta. Parte Zaharrean bestelako espiritua arnasten zen, izan ere. Erdiguneko desfilea lehiaketa da azken finean, eta parte hartzaileek ikusleak harritu nahi dituzte, jantzi ausartekin, koreografia biziekin. Parte Zaharrean, berriz, mozorroak nonahi zeuden, eta sofistikazioa baino gehiago, irudimena gailentzen zen: Costa concordia-ko kapitaina, N-1 errepideko radar bat, baserritarrez jantzitako mutiko talde bat Granjero busca esposa (baserritarra emazte bila) mezua paparrean jarrita, Garzonen antza zuten epaile franko eta zinta-dantza egiteko jantzitako adindutako gizonezko bat ere ikus zitezkeen irudimen uholde horretan. Zinta-dantza ez, baina uztai-txiki dantzatu nahiko zuen akaso, uztaiaren lanak xurgagailu baten tutuak egiten baitzizkion; aparaitutzarra arrastaka zeraman tutuari loturik...

Egunak lagundu zuen, gainera; Siberiako hotzaren zartadak atzean utzita, gustura ibili zen jendea kalean, irribarreak eraginez, algarak ere bai zenbaiten ateraldiekin. Gau luzea izan zen atzokoa.

Bilboko giro alaia

Bilbon ere giro polita egon zen egun guztian. Goizean goizetik ikus zitezkeen animalia familiak, piratak, indiarrak, pailazoak eta ipuinetako pertsonaiak kaleetan. Eguerdi aldera hasi ziren konpartsak antolatutako ekintzak: albokariek, erraldoiek, txistulariek, fanfarreek eta batukadek dantzan jarri zuten jendea. Plaza Barrian umeentzako tailerrak antolatu zituen Jai Batzordeak, eta Arriaga plazan puzgarrietan ederto pasatzeko aukera izan zuten txikienek. Gargantua ere ez zen falta izan, bertara batu ziren haurren gozagarri.

Zazpikaleetan musikak eta dantzak ez zuten tarterik izan kasik. Bazkaldu aurretik parrandan zebiltzan jada ile kolore erradioaktiboko konpartsetako kideak; Eguzkizale konpartsako loreak ere han ziren. Azaldu zutenez, «fotosintesia» egitera irten ziren.Besteak beste, euskararen aldeko aldarrikapenak eta biltegi nuklearren eta murrizketa ekonomikoen kontrakoak egin zituzten.

Bazkaltzeko geraldia egin eta gero,jirafa eta pinguino familiak atera ziren berriro Kale Nagusian eta Zazpikaleetan; tximeletek, marigorringoek, lehoiek eta bestelako animaliek zoo erraldoia bihurtu zuten Bilbo.

Arratsaldea aurrera egin ahala, jendez betetzen hasi ziren kaleak. Erdi Aroko pertsonaiak broma artean zebiltzan Unamuno plazan; Brasilgo selekzioa, berriz, futbolean ari zen. Kaleak girotzen eman zuten arratsaldea konpartsek, beren karrozekin batera eta bestera, fanfarreekin eta batukadekin dantzan.

Kale Nagusia ere jendez bete zen Bilboko Jai Batzordeak antolatutako Karrikaldia ikusteko. Ipuinetako auto erraldoiek hartu zuten errepidea halako batean Jesusen Bihotzetik Urkixo kalera bitartean. Xip Xap, La Baldufa eta La Tal antzerki taldeek girotu zuten desfilea. Mozorro lehiaketa eta dantzaldia ere egin zituzten.

Gaueko ordu txikiak arte jarraitu zuen festan jendeak, kaleetan eta tabernetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.