'Brokoa' itsasontzia, Itsas Begia elkartearen berreskuratze nagusia

Duela hiru mende arrantzaleek eta merkatariek erabiltzen zuten itsasontzi mota berreskuratu dute

L.M.
Bilbo
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Euskal itsas ondarea zaintzeko elkarte ziburutarra da Itsas Begia (Lapurdi), eta Bizkaiko burdinaren itsasbidea egitasmoarekin, euskal kostaldeko nabigazio modu bat berreskuratu du. Hala ere, berreskuratze historiko horretan Itsas Begia elkartearen altxor handiena da Brokoa itsasontzia. Somorrostroko burdina garraiatzeko erabiltzen ziren itsasontzien erreprodukzio bat da, garai haietan baxurako arrantzarako, eta merkataritza txikiak egiteko erabiltzen zirenen berdina. 1992an eraiki zuten, Ziburuko Hiruak Bat ontziolan, Donostiako Aquariumean topatu zen plano bat oinarri hartuta. Berezko itsasontzi hura Orioko (Gipuzkoa) Mutiozabal ontziolan eraiki zuten, eta joan den larunbatean ontziola haren parean amarratuta egon zen Brokoa bera.

Itsasontziak errealitatearekiko duen fideltasunaren ondorioz, Frantziako BIP (Ondare Intereseko Ontzia) izendapena jaso zuen 2007ko abenduan. Hori dela eta, nazioarteko hainbat erakusketatara eraman izan dute Brokoa, ohiko euskal itsasontzien ordezkari gisa. Joan den urtean, esaterako, Bretainiara eraman zuten nazioarteko erakusketa batera, eta, ondorioz, 2008an hasi zen Bizkaiko burdinaren itsasbidea egitasmoa, 2007an ezin izan baitzen gauzatu.

Euskal kostaldean egin zen lehen espedizioa; eskifaiak duela hiru mende bezalaxe egin zuen itsas bidaia, haizearen indarrarekin, eta, horren gabezian, arraunean. Urdin Elortza Itsas Begia elkarteko kidea eta espedizioko partaidea da: «Itsas bidaiako geldialdi bakoitzean hainbat hitzaldi eta ekitaldi antolatzen ditugu herrietan, eta era horretan bidaiatuz askotan ez ginen garaiz iristen zehaztuta geneuzkan hitzorduetara»; hori dela eta, orain dela bi urte motor txiki bat jarri zioten itsasontziari atzeko aldean, era horretan ekitaldi eta hitzordu guztietara garaiz iristea lortuz. Ez da orain dela mende batzuk burdina garraiatzen ibiltzen ziren itsasontzien parekoa izango aurrerantzean, baina helburuak bizirik jarraitzen du: bizkaitar, gipuzkoar eta baztandarrek gauzatu zuten jarduera ekonomikoaren elementuak bizirik jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.