Sartu nuen atzoko zutabean, baina gogoz geratu nintzen, zabalago hitz egiteko haren gainean. Gainetik, jarraitzen du uberak oraindik, egin dira analisi politikoak, orotariko interpretazioak, bete dira telebista orduak. Aspaldian jakin-min handien piztu omen duen mezua eman du aurten espainiarren erregeak —tira, gurean akaso ETBn estreinakoz eman zuteneko harekin batera—. Eta gero ez da jakin-min hori ikusle kopuruan islatu: ehuneko hamarrak ere ez du ikusi ETB2n, 2008koan egin zuen %24,4aren aldean. Espainia partean ere ez daude erabat gustura.
Eta hori estaldura izan zuela eskuzabala. 30 katek eman zuten mezua, estatu, autonomia eta LTD kanalak gehituta. Ezta interes orokorrekoa izango balitz ere. Egun-ordu horretan telebista piztuta zuenak zail zuela alternatibarik aurkitzea. Eta, hala ere, soilik zazpi milioik ikusi zuten, 45etik, teleikusleen %65 inguruk. Eta tertuliakideak harritu egin dira datu hori jakitean, gehiago espero zuten, ez dakit, futbol selekzioaren partida baten pareko emaitza, gol zaparrada itzela—bide batez, ikusiko gaur, ETB1etik, Euskal selekzioak ze ikusleria duen Tunisiakoaren aurka; tunisiarrak asko balira sikiera gurean—. Beste zerbait espero zen, egia da, aurten labain dantzarako aukera zegoelako: erregearen suhia, eskubaloi jokalari ohia, argazki ofizialetatik, argizari museoetatik kendu dutena, larrutzeko aukera izango zelako. Baita zera ere.
Ados, tertuliakideek nabarmendu digute erregeak justiziari eginiko aipamena, denok justiziaren aurrean berdinak garelako kalaka. Ikusiko dugu zenbat irauten duen eskubaloi jokalari ohiak barrote artean. Instalazioak ikusteko denbora badu, gaitz erdi. Hala ere, arduratuago ikusi genuen erregea Koroaren imajinak izan dezakeen kaltearekin. Esan zuen iruzurrak ez direla orokortu behar, eta aditzera eman Koroako kide bat —nahiz kide postizoa izan— ez bada bereziki txintxoa, Koroako gainontzeko kideak ez direla zertan txintxoak ez izan. Eurak, koroatarrak, txintxo-txintxoak direla alegia. Barrez imajinatu dut Patricia Sverlo, Un rey golpe a golpe liburuaren izengoitia.
Hori bai, aholku emaile zereginean gustatu zitzaidan gehien: terroristek armak entregatu behar dituzte. Eta esaten digu hori Espainiako Armadako buruak. Barrerako tartea izango genuke guk ere, broma ageriegi ez balitz.
Komunikazioa. Ekografiak
Broma ageriegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu