Duela 3.000-3.300 urte bitartean zulatzen hasi ziren meatze batzuk aurkitu dituzte Arritzagan, Aralarren (Amezketa, Gipuzkoa); Brontze Aroan, alegia. Lanabesak aurkitu dituzte, zulo, zanga eta galeria batzuetan. Zanga bat dago bertan, zortzi metrorainoko sakonera daukana eta 400 metro luze dena. Gainera, 50 metroko sakonerara iristen diren galeriak ere aurki daitezke inguruetan; kasu batzuetan, 100 metroko luzerakoak. Hala ziurtatu dute Felix Ugarte elkarteko presidente Txomin Ugaldek eta proiektuaren arduradun eta Arkeolan Fundazioko presidente Mertxe Urteagak. «Mendebaldean horrelako kasu gutxi aurkitu dira, Galesen, Europako erdi aldean eta penintsulan bakarren batzuk», dio Urteagak.
«Teknikoki aurreratuta zeuden, eta argi dago ez zela autogestiorako meategi bat, produkzio handia zeukana zela ikus baitaiteke», adierazi du Ugaldek. Meatzean lanean ibiltzen zirenak adituak zirela antzematen da, ikerlarien esanetan. Orein adar bat ere aurkitu dute indusketetan; garai hartan mineralak ateratzeko erabiltzen zen erremintetako bat da hori. Kobre asko dago bertan, beraz, gehienbat mineral hori ustiatzen zela uste da. Horrez gain, ordea, beruna, eztainua eta nikela aurkitu dituzte proiektuaren arduradunek. Beraz, nahiko argi daukate horiek zein bestelako mineralak ere ustiatzen zirela.
Uppsalan (Suedia), karbono 14ren probak egin dituzte, zein garaitako aztarnak aurkitu dituzten zehazteko. Brontze Arotik garai ugaritan ibili direla ikusi ahal izan da. Duela 2.800 urteko aztarnak ere badaude bertan, baita erromatarren garaikoak ere. Erdi Aroan, 1000. urte inguruan ere inguru horietan minerala ateratzen zen.
Galeriak, hondakinez beteta
Lanean toki berean baina garai ezberdinetan ibili ziren Arritzagan. Minerala ateratzen zutenean hondakin asko sortzen zituzten, eta galeria handietan lan neketsua zen kanporaino ateratzea alferrikako lehengai horiek. Horregatik, erabiltzen ez zituzten alboko galerietara botatzen zituzten. Horren eraginez, gaur egun estalita daude toki asko, eta hondakin horiek guztiak ateratzea lan gogorra eta arriskutsua da. Horregatik, Urteagak gogorarazi du «zehaztasun guztiak ongi finkatuta eta jendea ongi prestatuta» egin behar dela planifikazioa.
Galeriak eta zuloak aurkitu dituzte, eta azterketa batzuk egin dituzten arren, oraindik ere asko falta direla garbi dauka Ugaldek. Lasai hartu beharrekoa dela gogorarazi du: «Oso arriskutsua da, eta, beraz, segurtasun handiarekin eta presarik gabe egin beharrekoa. Zenbait tokitan sartu gara, baina beldurra ematen zuen han egoteak». Dioenez, buztin eta zakar ugari dago barruan, eta ikusten diren harri blokeak oso ezegonkorrak dira.
Txomin Ugalde ibili da Arritzagako zanga handian sartuta aurkikuntzen bila. «Meategia historiaurrekoa izan zitekeelakoan geunden, eta, beraz, aztarnen bila hasi ginen». 2008an hasi ziren, eta ordutik lan sakona egin dutela azpimarratu du, baita kontu handiarekin egin dutela ere. Indusketetan mineralak aurkitu dituzte, eta horrek pistak eman zizkien hala izan zitekeela baieztatzeko. «Zuloak ere aurkitu ditugu, eta hori aurkikuntza handia da. Europan horrelako asko aurkitu dira».
Baina garai berriagoetan ere izan da meategirik inguruetan. XIX. eta XX. mendeetan meatzari ugari ibili baitziren inguru horietan, 1965. urtera arte, hain justu. Kasu horietan, ordea, ez ziren Brontze Aroan sortutako meatzetan hasi lanean. Arritzagaren ekialdean daude meategi zaharrak, eta azkenengoak, berriz, mendebaldean. «2000 urte pasatu eta gero, geu izan ginen lehenengoak sartzen; horregatik ez dute aldaketarik jasan galeriek», dio Ugaldek.
Brontze Aroan sortutako meategi batzuk aurkitu dituzte Aralarren
Erromatarren garaian ere erabili ziren galeria horiek, hainbat mineral lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu