Francoren gobernuak bi alditan eraiki zuen Pirinioetako gotorlekuen lerroa. Iker Frias historialariak (Elizondo, 1982) dio diktadorea frantziar inbasio baten beldur zela eta horregatik eraiki zirela bunkerrak Baztango eta Bidasoko hainbat lepotan. Dena dela, ez zirensekula erabili.
Baztan Bidaso aldean bunker ugari dago. Noiz eraiki ziren?
Baztan Bidasoan bi garaitan egin ziren. 36ko gerran, Nafarroa eta Gipuzkoa berehala erori ziren Francoren alde, 1936an.Horren ondotik Franco Frantziaren beldur zen, hasierako une horietan Errepublikaren alde eginen ote zuen-edo beldur zen. Horregatik, beti izan zituen soldaduak inguru honetan, eta 1938tik aurrera hasi ziren lehenengo lanak egiten, batez ere Irun aldean, Gaintxurizketaren inguruan. II. Mundu Gerra 1939an hasi zen, eta gerraren hasieran segitu zuten lan horiek egiten. Hori izan zen lan hauen lehenengo fasea, eta batez ere Irungo aldea hartu zuen. II. Mundu Gerran Frantzia nazien eskuetan erori zen. II. Mundu Gerra alemaniarrek irabazi behar zutela zirudien, eta lan horiek gelditu egin ziren. Baina 1942tik aurrera ez zegoen hain argi Hitlerren Alemaniak irabaziko ote zuen gerra. 1944an, Normandiako lehorreratzearen ondoren, garbi zegoen Alemaniak ez zuela gerra irabaziko, eta orduan lan horien bigarren fasea hasi zen. Pirinioak gotortu zituzten, Pirinioetako lerroa izenaz ezagutzen dena eraikiz.
Beraz, azpiegitura horrekin ustezko eraso bat saihestea zen helburua?
1945ean Frantziak naziak kanporatu zituenean eta gerra aliatuek irabazi zutenean, Francok beldurra zuen. Inbasio bat izaten bazuten, saiatu behar zuten nolabait geldiarazten. Ustezko eraso hori gelditzea zen gotorleku hauen helburua. Erran behar da paper gainean egin zirela asko, baina gero ustez erasotzeko aproposenak zirenak bakarrik gotortu zituzten: Irun, Endarlatsa, Beran Lizuniaga eta Ibardinen, Etxalar eta Baztanen Otsondon batez ere. Horregatik ditugu Baztan Bidasoan ugari: Irunen, Endarlatsan, Bera aldean Lizuniaga eta Ibardinen, Etxalarren eta Baztanen batez ere Orabidean eta Otsondon. Katalunia aldean ere egin ziren gehiago, eta Pirinioetako beste lepo estrategikoak zirenetan. Berez, horrelako gotorlekuek I. Mundu Gerran dute jatorria. Artean lubakiak eta gotorlekuak erabiliz egin zen gerra, baina II. Mundu Gerrak tankeen gainean egiten den guda ekarri zuen: guda azkarra deitutakoa, alegia. Erasoa bide nagusietatik etorriko zela pentsatzen zuen Francok, eta tankeekin saiatuko zirela lepo horietatik sartzen. Bunkerren helburua hori saihestea zen. Baina II. Mundu Gerran ikusi zen horrelako lerroak ez zirela eraginkorrak. Oztopo bat ziren, baina hegazkinekin eta tankeekin nahiko erraz apurtu ahal ziren.
Nola eraiki ziren?
1939an 36ko gerra amaitu zen, eta frankisten eskuetan milaka preso gelditu ziren. Preso horiek gauza askotarako ustiatu zituzten, tartean bunker horiek egiteko. Esklabu moduan hartu zituzten enpresa pribatu askok, eta beste batzuk Espainiako armadak erabili zituen.
Bunker horiek noizbait erabili ziren?
Ez ziren inoiz erabili. 1945etik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Gerra Hotza etorri zen. Nazioarteko egoera aldatu egin zenez, Francok jada ez zuen dirua horretan gastatu. Ikusi zuen estatubatuarrek onartu zutela bere erregimena, eta Frantziak eta Erresuma Batuak ere nahiago zutela Espainia eskuindar bat eduki komunista baino, eta ez zuten deus egin.
Iker Frias. Historialaria
«Bunkerrak ez ziren inoiz erabili»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu