Somorrostroko (Muskiz, Bizkaia) burdin mineralak Urdazubirainoko (Nafarroa) bidaia amaituko du larunbat honetan, XII. eta XVIII. mendeen artean egiten zuten bezalaxe. Hau da, itsasoz kabotajearen teknika erabiliz, eta gero idi pare baten indarrarekin. Itsas bazterra begi bistatik galdu gabe nabigatzeko sistema da kabotajea, bidea lurmuturrez lurmutur jarraituz, eta gauak portuetan igaroz. Hala egiten zuten antzinako euskal marinelek, itsasontziak burdinez lepo beteta zituztela. Eta hala egin dute Itsas Begia elkarteko kideek ere, Eusko Ikaskuntza eta Enkarterriko Museoarekin elkarlanean. Hirugarren urtez antolatu dute Bizkaiko burdinaren itsasbidea, antolatzaileen hitzetan «arkeologia esperimentala». «Ondare historikoa berreskuratzeko ekimena da», dio Urdin Elortza Itsas Begia elkarteko kide eta espedizioko partaideak.
Ekimenaren muinean Gonzalo Duo etnografo bilbotarra dago. Plentziako (Bizkaia) marinelen kofradiarentzat egin zuen ikerketa baten ondoren, Urdazubiko Petromontetarren monastegiak kontratu bat zuela ohartu zen. XII. mendetik XVIII.era arte iraun zuen itun horretan, urtero 800 kintal burdin erosten zituzten fraideek, ondoren mineral hori inguruko burdinoletan landu ahal izateko. Duoren ikerketa baino urte batzuk lehenago ordea, garai hartako itsasontzi baten planoak topatu zituzten Donostiako Aquariumean, eta Brokoa izeneko erreplika bat eraiki zuten. Itsas Begia elkarteko kideek bi ekimenak elkartu, eta «euskal kostaldea zeharkatzeko esperientzia berriztatzeko ekimen bat martxan jartzeko aukera» ikusi zuten, Elortzak azaltzen duenez.
Burdinaren garrantzia
Gauza jakina da burdinak Euskal Herriaren garapen ekonomikoan izan duen garrantzia ezinbestekoa izan dela, batez ere industrializazio garaian. Edozein modutan, ustiaketa modu industriala eman baino lehenagotik ere zeresan azpimarragarria izan zuen burdinak. Horren lekuko da hurrengo datua: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Baztango burdinoletan ekoizten zen burdina Europako burdin kontsumoaren ehuneko hamar zen XVI. mendean. Mende bat lehenago, Bizkaiko jaurerriak mineral gordina kanpoko erresumetara esportatzea debekatu zuen, eta neurri horrek euskal burdinolen garapena bultzatu zuen.
Somorrostroko meategietatik irteten zen mineralarekin hornitzen ziren Euskal Herriko burdinola gehienak, eta, hori dela eta, itsas merkataritzak garrantzi handia zeukan. Urdazubirainoko bidean, hainbat portutan geratzen ziren burdin mineralez beteta zihoazen itsasontziak, lekuan lekuko burdinoletara lehengaia bideratzeko. Udako hilabeteak izaten ziren merkataritza horretarako garairik aproposenak, itsasoa bare zegoen garaia zelako. Edozein modutan, burdina garraiatzen zuten hainbat itsasontzi bidean geratu ziren, mineral gehiegi kargatzearen ondorioz, askotan pisua zela-eta hondoratu egiten baitziren. Hala ere, negozio aproposa zen merkataritza mota hori, garai haietan urrearekin ordaintzen zen truke mota gutxienetariko bat baitzen.
Hiru mende igaro eta gero
Burdinolen atzerapen teknikoa zela eta, XVIII. mende amaiera inguruan itsaso bidezko merkataritza bide horrek hondoa jo zuen, industrializazio garaiari bide emanez. Hiru mende igaro dira orduz geroztik, eta merkataritza bide hori arkeologia esperimentala da egun. Horretarako, garaiko izpiritua gorde nahi izan dute.
Industrializazio aurreko arrantzaleen jantziak soinean dituztela egin dute Ondarroatik (Bizkaia) Azkainera (Lapurdi) arteko bidea Bizkaiko burdinaren itsasbidea espedizioko kideek. Portugaletetik (Bizkaia) zen irtetekoa, baina eguraldi txarra medio, egun bat atzeratu behar izan zen hasiera, eta bigarren itsasalditik ekin zioten. Egun bat beranduago, baina gogo berberekin. Erdi Aroko itsas kantuak kantatu dituzte bidaian, arraun egiterakoan eta belak altxatzeko garaian, maniobrei lagundu ahal izateko. Burdin minerala Somorrostrotik hartu dute zuzenean, baina, kasu honetan, kopuru txikiagoan. «Guk 100 kilo inguru garraiatu ditugu, garai hartan garraiatzen zituzten 8-10 tonak eraman beharrean», dio Elortzak. Horregatik, pertsona gehiago ere sartu dira itsasontzian, denera bederatzi pertsonak osatu baitute tripulazioa, Erdi Aroan joaten ziren 3-4ekin alderatuta.
Urdazubira burdin minerala eramateko espedizioa larunbat honetan iritsiko da bere helmugara, han egingo den Burdinaren Egunarekin batera. Igandean heldu zen burdin minerala Azkaineko erreka portura, eta asteburuan, idi parearen indarra aprobetxatuz, Nafarroa eta Lapurdiren mugan dagoen herriraino eramango dute. Han, urrezko txanponekin —barnealdea txokolateduna da, ordea— ordainduko diote burdinaren garraioa, eta herri bazkari batekin amaituko dute itsas bidaia. Horrelako harrera eginda, hurrengo urtean ere egingo dute, ziur.
Ezarian
Burdina, antzina bezala
Joan den ostiralean irten zen Ondarroatik 'Brokoa' antzinako erreprodukzioa, Somorrostroko burdin mineralarekin hornituta, eta merkantzia larunbat honetan iritsiko da Urdazubira. Izan ere, han Burdinaren eguna ospatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu