Burdinbideko harribitxia

Antzinako tren bidaiak gogorarazten dituen 'El Histórico' tren turistikoaren ibilbideak igandean hasiko dira. Bilbotik abiatu, eta egun osoko irteerak proposatzen ditu.

Erosotasun osoz paisaiez gozatuz bidaiatzeko aukera ematen du trenak. FEVE.
Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Egunerokoan trenak hartzen duen esanahia baztertu beharra dago Fevek antolatzen dituen tren txangoez hitz egiteko. Toki batetik bestera joateko garraiobide soil bat izateari uzten dio BilbokoConcordia geltokitik asteburuetan abiatzen den trenak. Irteera horien protagonista nagusia bilakatzen da El Histórico hiru bagoidun trena. Kanpotik zein barrutik guztiz eraberritutako luxuzko antzinako trena da, eta trenbide estuko sarean hurbil dauden interesguneetara egun bateko iraupeneko txangoak proposatzen ditu.

Maiatzaren 1etik aurrera hasiko dira eskaintzen tren turistikoan irteerak. Asteburuetan eskainiko dute zerbitzua, eta bi ibilbide prestatu dituzte: Historiaren ibilbidea eta Paduren ibilbidea. Taldeentzat astegunetan tren bereziak antolatzeko aukera eskaintzen dute.

Helduek 59 euro eta 14 urte azpikoek 29 euro ordaindu beharko dituzte El Histórico trenean joateko. Interesguneen bisita, interpretazio zentroen sarrera eta inguruko jatetxeko bazkaria prezioaren barne daude.

Bagoiaren eserleku erosoetan paisaiaz gozatzeko aukera eskaintzen du Historiaren ibilbideak. Bizkaitik Burgosera doan trenbidetik mugituko da. Larunbatean, 09:05ean aterako da. Bizkaiko Balmaseda herrian burdinbide putxera —burdinazko eltzean prestaturiko babarrunak txorizoarekin— dastatzeko geldituko da, La Encartada Txapel Museoan. Museoa bisitatzeko parada izango da bazkalostean, eta Balmasedako Alde Zaharra bisitatzeaz gain, Pasioaren Interpretazio Gunea ezagutuko dute. Horrez gain, Espinosa de los Monteros eta Medina de Pomar Burgosko herrien alde zaharrak bisitatu, eta Kondestableen gotorlekura sartzeko aukera izango dute bidaiariek. 20:00etan itzuliko da trena La Concordia geltokira.

Kantabria aldeko burdinbidean zehar abiatuko da trena Paduren ibilbidea osatzeko. Igandean egin ahal izango da txangoa. 09:15ean abiatuko da Bilbotik. Behin Kantabrian, Argoñosko marea errota eta Santoñako portua bisitatu ahal izango dira. Trena ontziarengatik aldatuko dute bidaiariek, eta Anson itsasadarretik barna kostaldeko paisaiak ikusi, eta Colindresen lehorreratuko dira. Kantabriako jaki tipikoak bazkaldu, eta Limpias eta Carranza bisitatu ostean, Bilborako bidea hartuko du trenak. 20:00etan bueltatuko da La Concordiara.

Ibilbideko herriak ezagutzeaz gain, bidaiaren erakargarritasun nagusia garraiobidea bera da. Lehenengo bagoia Carde y Escoriaza enpresak eraiki zuen 1928an. Zornotza-Bermeo zatia inauguratzeko erabili zuten, besteak beste. Bilera gela, atsedenerako egongela, taberna, komunak eta sukalde txiki bat hartzen ditu bere barnean. 1997an eraberritu zuten, eta ordutik turismorako erabiltzen dute. Bigarren eta hirugarren bagoiak 1960ko hamarkadakoak dira, baina guztiz eraberrituta daude.

Treneko bagoien kanpoaldeak margotu berri dituzte, eta iragan mende hasierako trenen itxura eman diote. Barrutik ere hainbat hobekuntza egin dizkiote, erosotasuna hobetze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.