Giza burmuina ordenagailu programa baten antzera antolaturik ote dago? Burmuinari buruz orain arte egin diren ikerketa garrantzitsuenak ikuspuntu horrekin landu dituzte. Garuna uste baino askoz malguagoa delako ildoa ere bada, ordea, eta aditu askoren oniritzia du, gainera.
Halako abiapuntuarekin ari dira atzodanik eta ostirala arte nazioarteko filosofo, ingeniari eta neurozientzialari hainbat Donostiako Miramar jauregian. Burmuinaren ikerketaren paradigma aztertzen ari dira. Informatikaren hazkundearekin batera, giza burmuina ordenagailuen mekanismoarekin alderatu izan dute urte askoan. Orain, berriz, beste ikuspuntu bat gailentzen ari da. Horren arabera, arazoak ez ditugu software baten antzera konpontzen, testuinguruaren arabera, ezustekoei aurre eginez, eta berritasunak baliatuz aritzeko gai baikara.
Burmuinaren malgutasuna
Kontua da gero eta onartuagoa dagoela komunitate zientifikoan burmuina plastikoa dela oso, malgua; horrek esan nahi du, eginkizun jakin bat burmuinaren eremu jakin batek egiten badu ere, beste eremu bat eginkizun hori egin ahal izateko presta daitekeela kasu askotan.
Ikerbasqueko ikerlari Ezequiel Di Paolok dioenez, Donostiako topaguneak badu beste xede bat: adimenaren ikuspuntu intelektualegiarekin hautsi; «Gure ulermenaren izaera sentsomotorea eta interaktiboa oinarri hartu eta alternatiba zientifikoa osatzeko zutabeak jarri nahi ditugu Donostian egiten ari garen topaketa berezi honetan». Burmuinaren mekanismoa erabat ulertzea inoiz lortuko den ere zalantzan dago, dena den.
Burmuinaren mekanismoa aztergai dute Miramar jauregian
Filofoso, ingeniari eta neurozientzialariak giza burmuinaren moldeak aztertuko dituzte Donostian, ostirala arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu