Poliki-poliki bada ere, gure inguruan itzaliz doa Japoniako egoeraren tsunamia. Hildako eta desagertuen kopuruek gutxi harritzen gaituzte dagoeneko; herritarren egoera munduko txoko askotako beste askorenaren pare dago; badakigu energia nuklearraren datuak egonkortu egin direla, eskandalagarriak izaten jarraitzen badute ere. Azken horren hari mutur bati tiraka dabil mundua. Japonia albo batera utzi, eta AEBetan eta Europan jarraitu edo alboratu beharreko politika nuklearra da hizpidea. Herrialde askotan piztu da eztabaida, hedabideen arabera. Horren aurkako ekintzaileen arabera, ostera, egunero dago piztuta, denok baikaude arriskuan, egunero, zentral nuklear bakoitzaren inguruetan.
Oharkabean, albiste bat irakurri dut. Zabaldu dutenez, Alemaniako kate batek, Suitzako batek eta Austriako beste batek The Simpsons telesailaren zenbait atal, aurrez programatuak, ez ematea erabaki dute. Jakina da telesail estatubatuarra politika nuklearraren aurkako nekaezina dela, lehen egunetik. Emankizunaren karetan, Homer barra erradioaktibo bat lehiotik botatzen ageri da. Hainbat denboralditan herriaren sostengu ekonomikoa den lantoki bakarra —Moe-ren tabernaz gain— zentral nuklearra da. Badakigu zein egoeratan dagoen, tuberietatik ere tantaz tantako isuri berdexkaren jarioa etengabea da. Langileek alferrontzi kuadrila bat osatzen dute, lotia eta donuts zalea. Zentraleko nagusia herriko nagusia ere bada. Aberats bakarrenetakoa. Nahierara moldatzen du herria hala nahi duenean. Eta ezin ahaztu, aldian behin, ibaian ageri diren hiru begidun arrainak. Ez baita kasualitatea, Matt Groening sortzailearen lana Txernobilgo istripua gertatu eta urtebetera estreinatu izana. Eta, gerora, hainbat atalen oinarria lantegi hori eta atzean dauzkan politikak izatea.
Kasualitatetik are gutxiago du Alemanian, Suitzan eta Austrian hainbat atal zentsuratu izanak. Denak ala denak dira zentral nuklearra aintzat hartzen dutenak, haren jiran sortuak, zinikoak, gaiztoak eta kritikoak. Gaur arte ez zirela pentsatuko du inork. Noski ez zirela. Hain zuzen, gaurko eztabaidagaia ez zegoen agenda politikoan. Ez dut uste japoniarrekiko errespetuz erabaki denik halakorik. Agian, munduko Burns jaun guztiak arduratu egin dira kalkuluak ateratzen hasita eta nahierara prestatu nahi dute etorkizuneko jokalekua. Kasulitaterik gabe.
Komunikazioa. Ekografiak
Burns jaunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu