KOMUNIKAZIOA

Cablegate

gorka julio
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Aurreko batean ere Wikileaks erakundeari buruz hitz egin genuen, baina orain bertan azaldutakoak garrantzi berezia hartzen du erakunde honek filtratutako enbaxaden dokumentuen ondorioz. Erakundea 2006. urtean sortu bazen ere, famatu egin zen, Irakeko gerrako bideo konfidentzial bat zabaldu zutelako. Horren ondoren, Afganistango gudako 92.000 dokumentu filtratu zituzten. Ostean, Irakeko gerraren AEBetako 400.000 dokumentu sekreturen filtrazioa etorri zen; AEBetako gobernuak tortura erabiltzen zuela argi gelditu zen, baita herritar soilen aurkako erasoak egin zituztela ere.

AEBetako enbaxaden informazio konfidentzialaren 251.287 dokumenturen filtrazioa (http://cablegate.wikileaks.org) izan da azkena. Dokumentu horietan, AEBetako enbaxaden informazioa argitara ematen da. Konfidentzialtasun maila askotako dokumentuak badaude ere, guztiz sekretuak diren asko daude tartean.

Batzuek horri garrantzia kendu nahi badiote, filtrazioaren garrantzia oso handia da. Alde batetik erakusten baitu, gero eta zailagoa dela hiperkonektatuta bizi garen mundu honetan gauzak ezkutatzea. Beste alde batetik, ezagutzen dugun munduaren alde ilunak agertzen dizkigulako. Batzuentzat ezagunak ziren, baina orain horien probak ere baditugu. Horretaz gain, baliabide gutxirekin botere handi eta garrantzitsuak kolokan jar daitezkeela erakutsi dute. Argigarriak dira Wikileaksek jasotako ziber-eraso eta honen buruaren aurkako Interpolen atxilotzeko agindua.

Hala ere, beste gauza bat ere erakutsi dute. Alde batetik, sarearen indarra, baina baita kazetaritzak bere garrantzia izan dezakeela ere. Wikileaksek bost hedabide garrantzitsuri informazio horiek zabaltzeko aukera eman die: The New York Times, The Guardian, Spiegel, Le Monde, El País. Hala ere, informazioak eztabaidatzeko leku nagusirik ez dago; sare osoa da. Blogetan eta Twitter sare sozialean eztabaida jarraitzeko, #cablegate etiketa jarraituz jendearen eztabaidak ikusteko aukera dugu. Gertuago, Berriketan.info-n Wikileaks EH taldea sortu da gaia jorratzeko. Kazetaritzak bere tokia izan behar badu ere, guztiok dokumentu horien ikuskatzaile ere izan gaitezke. Komunikabideek ahazten dituzten informazioak argitara emateko aukera dugu denok; hori da aldaketa nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.