Campusean kezka bada

Plaza giroNafarroako Unibertsitate Publikoan egonezina da nagusi; espero baino lau milioi gutxiago jasoko du aurten, eta 2012an murrizketa gehiago gerta daitezke.

Unibertsitateko ikasleen artean kezka zabaltzen ari da azken boladan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Krisia guztien ahotan, gerrikoa estutu eta gastua murrizteko tenorea iritsi dela esaten ari da Nafarroako Gobernua, eguna joan eta eguna etorri. Sail guztietan sartu du aizkora, tartean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Unibertsitatearentzat gobernuak aurten onartutako aurrekontua 61 milioikoa zen, baina lau milioi kendu dizkio. Murrizketak direla eta, ezinegona da nagusi campusean.

Mugimendua bada Arrosadiko campusean. Ikasleak liburutegian, geletan eta ikerketa laborategietan bista daitezke. Irakasleak ere lanean ari dira, ikertzen, klaseak ematen eta prestatzen. Unibertsitateko puzzle zabala osatzen duten administrazioko eta zerbitzuetako beharginak ere badute non jo. Campusean banatuta dauden bankuetan, ikasle franko dago eserita. Irakasle bat eta soziologia ikasten ari diren bost ikasle horietako baten ordenagailuari begira daude. Hurrengo eskola hasteko ordubete falta zaie, eta lan bat egiteko informazio bila dabiltza. Gobernuak egin dituen diru murrizketak ez ditu arduratzen. «Neurriak nola eraginen digun ez dakigu, baina ez gaude kezkatuta. Eskolak hartzen berdin jarraituko dugu. Lasai gaude». Irakaskuntzan eta zerbitzuetan kalitatea hobetu beharrean txartu eginen dela ohartaraztean, ez dute iritzirik eman nahi. Belardietan ez eze, ikastegiko kafetegian ere bada mugimendua, ikaslez mukuru dago. Kafetegiko kanpoaldean Admininistrazio eta Enpresen Zuzendaritzako bigarren maila ikasten duten hiru ikasle hizketan ari dira. Murrizketez galdetuta, ez dute gogoeta ere egin. «Ez dugu horretan pentsatu. Zein ondorio izanen dituen ez dakigu, baina ez gaitu askorik kezkatzen», diote elkarri begira.

Oraindik gurasoen guardasolpean daudelako edo, ikasleek ez dirudite oso kezkatuta. Baina ez da gauza bera gertatzen langileekin. Errektoretza ondoan, kafea hartzen bost emakume daude. Unibertsitateko administrazioan aritzen dira. «Oraingoz, ez digute eragin, baina egoneza handia da», dio batek kafea bukatzen duen bitartean. «Sail guztietan egiten ari dira murrizketak. Adibidez, erosketak asko gutxitu dira», dio kontabilitate eta erosketa sailean aritzen den batek. «Soldatarekin eta lanpostuen etorkizunarekin kezkatuta gaude. Ez dakigu zenbat langileri eraginen digun, noiz eta nola. Kezka handia da. Gainera, ez dakigu zer gertatuko den heldu den urteko aurrekontuarekin, murrizketa gehiago eginen diren ala ez. Horrek ziurgabetasuna areagotu egiten du».

Unibertsitatean 9.000 ikasle inguru daude, eta irakasle eta administrazio eta zerbitzu lanetan 1.400 lagun baino gehiago ari dira. Julio Lafuente NUPeko errektoreak gogorarazi du erakundeak lau urte daramala doitasun politikak ezartzen. Horrek egungo egoerari aurre egitea zailtzen dio. Hainbat asmo bertan behera utzi edo atzeratu behar izan ditu: ikerketa taldeen finantzabidea, liburutegirako irakaskuntza testuen erosketa eta sare informatikoaren eguneratzea, besteak beste. «Heldu den urtean jaitsierak aurrera jarraitzen badu, unibertsitateak galera handiak nozituko ditu», dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.