Canossa ala Damaskoko bidea?

Lucien Etxezaharreta.
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hu Jin Tao Parisen eta Sarkozyk bere korbata jan beharko duela, edo Obama hauteskunde biharamunean kontserbadore errepublikanoei bere lehendakari berri garaiko agiantzak oro irentsi beharko dituela: politika zinismoaren eta hautsi-mautsi ilunen eremuan garela ikusten da.

Carla gabe izan zen Sarkozy Aita Santuaren bisitatzen, eliza katolikoak agindu zituen rom kanporaketak salatu ondoan, «Elizaren alaba zaharrenaren» buruzagiak xintxo-xintxoa nahi zela agertu... Canossara joan zen garaian, aspaldi da, Alemaniako enperadorea, Aita Santuaren benedizionearen eta barkamenaren eske, bere furfuria guziak sartuz. Furia francese-ren ordezkariak umil eta apal agertzea zaila izanik ere, heltzen da batzuetan. Hu Jin Taok ere «meza bat balio du», zalantzarik gabe, eta Tibeteko errepresioa, uigur populua edo preso den Nobel sarituaren kartzelako auhenak, denak ferra futre botatuak dira, euskal slang horretan entzun litekeen bezala.

Tea party hori ez da arratsaldeetako andere batzuen bilaldia bixkotx batzuen inguruan, inoxenki hastapenean uste nuen bezala, baina bai hamburger eta cocaz ase Ku Klux Klan, eta kristau fanatikoen arteko bide erdikoak. Libertatea nola deklina daitekeen, harritzekoa bada. Kontuz, hemen horrelakoak kopiatzen baitira.

Damaskoko bidean, Jondoni Paulok fedearen argia aurkitu zuen; Canossakoan izan balitz, ez da batere ziur. Interesen bidea, inoiz baino gehiago, infernuaren bide da, «intentzione onezko harri lauzek» moldatu arren. Handi-mandi horiek utziko ote dira horrela luzarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.