'Charabia' zirku-antzerkia

El Negro y El Flaco komikoek, 'clown'-aren haritik, publiko ororentzako ikuskizun bat emango dute

El Negro y El Flaco, Charabia ikuskizuna eskaintzen. EL NEGRO Y EL FLACO.
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
El Negro y El Flaco umoristek Charabia ikuskizuna emango dute gaur, 18:00etan, Donostian, Atotxa zelaiko plazan.

Taldea 1994an sortu zen, Gerardo Casali El Negro (Argentina) eta Rafa Espada El Flaco (Bartzelona) batu zirenean. Europan eta Amerikan hainbat ikuskizun eman dituzte, baita telebista saioetan ere. Jarduera pedagogikoetan ere parte hartu dute, zenbait ikastola, unibertsitate eta jaialditan. Bikotearekin batera Alex Vives musikari eta antzezleak parte hartzen du.

Antzerkia eta zirkua uztartzen dituzte Charabia ikuskizunean. Janzkera anakronikoa erabiltzen dute, eta errealitatearen eta fikzioaren arteko giroa sortzen dute. Egunerokoan erabiltzen den tresneria material artistiko bilakatzen dute, eta erabilera ikusgarria ematen diote. Gainera, hizkuntza propio bat erabiltzen dute, charabia. Eszena apurka-apurka moldatuz joaten da, gidatzen duten gurdi ikusgarriarekin batera. Horrela, hasiera batean gurdi bat besterik ez dena zirkuko pista bilakatuko da, orkestra eta teloi eta guzti. Umorea, musika, gorputzaren mugimendua, esku jokoak eta dantza dauzkate baliabidetzat, eta ikus-entzuleak ahoa zabalik uzten dituzte batzuetan, eta algaraka besteetan. Betiere clown-aren haritik joko dute, eta momentu poetikoak eta umorezkoak uztartuko dituzte.

'CHARABIA'

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Donostian, Atotxa zelaiko plazan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.