Comic strip
Komikiek ene haurtzaroan leku zentrala zuten. Ttipia nintzelarik, gogoan dut nola aitak astero komiki baten gertaera berri bat ekartzen zidan Baionatik. Egun berezi horien ilunabarretan, aitaren autoaren esperoan egoten nintzen aitatxi-amatxiren Burneteneako etxean, sukaldeak barnetik zuen leiho-mahaian jarria. Talaia horretarik, egunaz, Baigorritik zetorren errepidearen perspektiba ongi ikus zitekeen. Egunak laburtuz zihoazenean, autoaren bi argi horien zain egoten nintzen. Blake et Mortimer, Tintin et Milou, Akim roi de la jungle... Geroztik, zaletasuna gelditua zait. Gehienetan, komikiak irakurtzen dira sinadurari kasu handirik egin gabe. Literaturan, aldiz, ez ote da alderantziz egiten? Publiko zabalak ez ditu komiki autoreak anitzetan ongi ezagutzen. Salbuespenak salbuespen, normalki, nobelagile ikonikoen izar-sistematik nahiko urrun dabiltza komikigileak. Halere, letretako izarren estrategiak imitatu nahi dituztenentzat hona kontseilu batzuk Mathieu Colloghan pintore eta prentsa ilustratzaileak, sei iruditako comic strip batean emanak (2009ko urtarrileko Le Monde diplomatique). Eta barkatuko didazu hemen, irakurle,irudien falta. Lehenik : «Obra pertsonala, onirikoa, iluna eta koleratsua sortu». Bigarrenik : «Hura fotokopiatu, plegatu, eta grapaz lotu». Hirugarrenik : «Hura saldu. Aberats bihurtu (biziki aberats).». Laugarrenik : «Jende famatuak gurutzatu. Loditu. Nork bere burua mediatizatu.». Bosgarrenik : «Nork bere buruari uko egin. Harropuztu eta burgoitu.». Seigarrenik: «Baina, funtsean, beti 'Arte nagusien'» eta Literaturaren aitzinean konplexuz beterik bizitzen segitu.»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu