Maratila

Curriculuma

santi leone
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Blanca Urgell anderea: Patxi Lopezek demokrazia ekarri zigunetik, ezinezkoa zena posible bihurtu da, eta hara non askatasuna ere ailegatu den euskararen mundura. Hori berez pozgarria izanda ere, kritika txiki bat egin nahiko nuke Jon Juaristiren kontura; kritika xumea, halere, eta, dena errateko, positiboa, proposamen bat baitakar berarekin.

Kontua da beldur naizela ez ote den garestixko izanen Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordean edukitzea krisi garai honetan, eta horregatik erabaki naizela neure burua eskaintzea haren funtzioa betetzeko. Gutiago kobratuko nuke, eta hark baino hobeki eginen nuke lan. Azken batean, hura Euskal Herritik kanpo ibili da aspaldi honetan, eta, hortaz, gorroto abstraktua baizik ezin du eskaini euskararen kontuetan. Ni, berriz, Iruñean bizi naiz; beraz, gure alkatearen irudimen oparoari esker, gorroto sutsu eta zehatzean oinarrituriko mila proposamen egiten ahalko nituzke, Batzordera pluraltasun handia ekarriko luketenak.

Ez dakit ezinbertzekoa den poeta izatea. Badaezpada, hasia naiz nire obra osatzen, eta, haren gaiak neure eginda, dagoeneko franko trebea naiz erriman («Exclamé / a la luz de la luna / mecagüen Batasuna»), lizentzia poetikoan («No entrará / en mi chalé / ningún abertzalé») eta bertze zenbait baliabide poetikotan.

Hori guztia, lau sosen truke. Are gehiago, elkarrekin haserretutakoan, ez nauzu inongo zuzendari izendatu beharrik, eta zin dagizut ez zaituztedala ez zu ez bertze batzordekideak nire memorietan irainduko. Horretan ere, abantaila ederra Juaristiren aldean.

Nire eskaintza aintzat hartuko duzulakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.