Sansebastianak

Danbor burrunba nagusitu da Donostiako kaleetan

Union Artesana elkartea bandera altxatzeko ekitaldiaren protagonista izan da. 150 urte bete ditu aurten, eta egitarau berezia egingo dute horren inguruan.

Erredakzioa
2020ko urtarrilaren 20a
09:33
Entzun

Union Artesana elkarteko kideak protagonista izan dira gauerdian, bandera altxatzeko ekitaldian. Izan ere, aurten 150 urte beteko ditu elkarteak, eta urte osoko programa berezia prestatu dute donostiarrekin urteurrena ospatzeko. Ohi bezala, erreibindikaziorako unea izan da Konstituzio plazako ekitaldia. Besteak beste, presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzeko pankarta handi bat zabaldu dute plazan, «etxera» testuarekin. Horrez gain, urtarrilaren 30erako gehiengo sindikalak deituriko grebaren inguruko pankartak ikus ahal izan dira, eta «independentzia, sozialismoa, feminismoa» eskatzen dituztenak.

Donostiako danborradaren ikur nagusietako bat da Union Artesana elkarte gastronomikoa, eta omenaldi berezia egingo diote gaur. Elkar-150 urteurrena eskultura inauguratuko dute, eta urteroko ibilbidea eginda iritsi dira Konstituzio plazara.

Lehenbizi, barrilak sartu dira plazara, txistulariekin eta zezensuzkoarekin batera. Horrela, garai bateko ohiturei keinu egin diete, XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran sokamuturrari hasiera emateko egiten zuten bezala. Gero, Donostiako bandera igo dute, San Sebastian egunari hasiera emateko.

Eguerdiko haurren danborrada Aimar Capa Correyerok zuzenduko du. Harri Berri Oleta ikastetxeko ikasleari suertatu zaio aurtengo danbor nagusiaren lanetan aritzea. Berrikuntza nabarmenen artean, Easo Ederraren eta ohorezko damen desagertzea izango da.
Egiako Aitor ikastolari egokitu zitzaion zozketa bidez pertsonaiak banatzea, eta, «sakon hausnartu» ondoren, erabaki dute pertsonaia horiek kentzea. Hasieran, Easo Ederra mutila izatea ere eskuartean izan zuten, baina azkenean erabaki dute bost urterako desagerraraztea. Genero estereotipoak amaitzeko erabakiak bost urteko iraupena izango du, baina urte horietan pertsonaia banaketa egitea dagokion eskolak aukera izango du pertsonaia horiek atzera ekartzeko.

Aurtengo danborradan, 68 donostiarrek aukera izango dute udal balkoietatik banderaren igoera, jaitsiera eta haur danborrada ikusteko bihar, hilaren 20an, San Sebastian egunean. Donostiako Udalak zozketa bidez aukeratu ditu  herritarrak.
25 lagunek banderaren igoera gertutik ikusteko aukera izango dute; Konstituzio Plazako udal eraikinaren lehen solairuko balkoietatik, gauerdian. Beste hainbeste izango dira banderaren jaitsiera ikusteko aukera izango dutenak, leku beretik, 24 ordu geroago. 18 pertsonak, berriz, udaletxeko balkoitik haur danborrada ikusteko aukera izango dute, bihar eguerdian. Zozketa irabazi duten guztiek pertsona bana eraman ahal izango dute banderaren igoeran eta jaitsieran, betiere lagunak 16 urte baino gehiago baditu.
Urrezko danborra

Urrezko Danborra emango dute eguerdian. Donostiako Udalak erabakita jasoko dute Urrezko Danborra Realeko emakumezkoen futbol taldeak eta hockeykoak. Aurreko bi urteetan herritarrek bozkatuta erabaki zuten irabazlea, baina aurten Donostiako Udalaren esku geratu da erabaki hori. Gehiengoz, Udalbatzako 27 zinegotzietatik 18k babestu dute emakumezko bi taldeen hautagaitza. Hautagaiek osoko bilkuraren ordezkaritzaren bi herenen babesa nahikoa zuten sarituak izateko.

Udalak Realeko bi emakume taldeen merituak goraipatu ditu. 2018-2019ko denboraldian erdietsitako garaipenen erakusgarri da saria. Futbol taldeak Erreginaren Kopa irabazi zuen maiatzean, Atletico Madrili 2-1 emaitzarekin gailenduta. Hockey taldea, berriz, txapeldunorde izan da Europako Kopan aurreko denboraldian, eta liga irabazi zuen duela bi denboraldi.
Bigarren urtez jarraian izango dira emakumeak Urrezko Danborrarekin sarituak. Iaz, Rosa Garcia Stop Kaleratzeak plataformaren bozeramailea izan zen saritua, herritarren erabakiz. 1967an saria ematen hasi zirenetik zortzi emakumek soilik jaso dute sari hori, eta, lehen aldiz, emakumeak izango dira bi urtez jarraian saria jasoko dutenak.

Antiguan eta Azpeitian

Donostiako Antigua auzoan danborrada egin ohi dute, auzoko jaietako tradizioari jarraikiz. Ia bi aste daramatza auzoak jaietan, eta San Sebastian eguna amaitu eta Konstituzio plazan bandera jaistearekin bat esango diete agur Antiguako jaiei, ikurrinaren jaitsierarekin.
Gaur egun osoan, danborrada ugarik hartuko dituzte Antiguako kaleak.

Azpeitian ere San Sebastian jaiak hasi zituzten atzo, 22:00etan, helduen danborradarekin. Aurten, gainera, ohi baino 15 minutu lehenago ekin diote azpeitiarrek danborrak astintzeari Olazko Andre Mariaren plazaren paretik.

Izan ere, hiru talde berri batu dira aurtengo danborradara, Ilunpe, Inpernue eta Izarraitzpe taldeak, hain zuzen, eta, denek gauerdirako plazara iristeko denbora izan zezaten, ordua aldatzea erabaki zuten. Guztira 30 talde ariko dira gaur Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak girotzen, talde berriak tarteko. Giro ederra «nagusi» izango dela ziurtatu du Azpeitiko Udalak.

Sansebastianak urtero izaten dira parte hartze handiko jaiak: 14.500 biztanle pasatxo ditu Azpeitiak, eta bi mila lagun baino gehiago ateratzen dira helduen danborradan, emakume zein gizon. San Sebastian eguna aurten astelehenarekin suertatu da, baina urtero herriko zein kanpoko jende ugari hartzen du Azpeitiak.

Gaurko protagonista nagusiak umeak izango dira. Asteak entseguak egiten pasatu ostean, gaur izango dute egun handia Azpeitiko haurrek. 12:30ean hasiko da haien danborrada, eta, herriko kaleak zeharkatu ostean, plazan elkartuko dira haiek ere, azken asteotan ondo ikasi dituzten piezak elkarrekin jotzeko.

Eta, guztien atzetik, ohi bezala, karroza. Azpeitiko Udalak lehiaketa bidez aukeratzen du karroza egilea, eta gai konkretu baten gainean landu behar izaten da. 1958an hasi zen karroza egiteko ohitura, Ignazio Agirre herritarraren eskumenez, eta 32 urtean arduratu zen hura lan horretaz, bi alabek lagunduta. Ordutik, lehiaketa bidez hautatzen da egilea, nahiz eta urte batzuetan inor ez aurkeztu.  
Aitor Exposito Ibarmia azpeitiarrak egin du 2020ko sansebastianetako haurren danborradako karroza, Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak hala erabakita. Proiektu bat baino gehiago aurkeztu dituzte aurten herritarrek karrozaren lehiaketara, eta epaimahaikideek Expositoen proiektua hautatu dute, proposatutako gaia modu «egoki, profesional eta eguneratuan» aurkeztu duelako. Hain zuzen ere, Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da aurtengo karrozaren gaia.

Arratsaldeko ekitaldi nagusia helduen sokamuturra izango da, 16:30ean. Umeek ere sokamuturraz gozatzeko aukera izango dute, baina hilaren 26an, goizean. Egun berean, arratsaldean, helduen sokamuturra ere izango da.

Eta, jaiak amaitzeko, gaur gauean berriro entzun ahal izango dira danbor hotsak. 23:15ean hasita, Olazko Andre Mariaren plazatik eta Goiko kaletik, Donejakue kaletik, Elizkaletik, Enparan kaletik eta Erdikaletik pasatu ostean, plazara iritsiko dira. Bandera jaitsi ondoren, gauerdian amaituko dira San Sebastian jaiak Azpeitian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.