San Sebastian eguna

Danborrak, egun handiaren soinu

San Sebastian egunez, haur eta nagusien danborradek hartuko dituzte Donostiako kaleak. Guztira, ia 200 talde ariko dira hiriko kaleetan barrena Sarriegiren doinuak jotzen. Azpeitian, hiru eguneko jaia antolatu dute.

Donostiako iazko danborrada, Konstituzio plazan. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Jon Ander De la Hoz.
2018ko urtarrilaren 19a
14:52
Entzun

Konstituzio plazako erlojuak gauerdia iragarri orduko piztuko da festa Donostian. Orduantxe igoko du hiriko bandera Eneko Goia alkateak, eta Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa jotzen hasiko da Gaztelubide elkarteko danborrada, Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiak ezarritako erritmora. Ohi bezala, bandera igoerarekin hasiko da hiriko egun handia, eta 24 orduz jarraian danbor hotsek hartuko dituzte Donostiako bazterrak.

Guztira, 144 danborrada ibiliko dira kalerik kale, urtarrilaren 20ak irauten duen bitartean. Lehendabiziko aldiz aterako dira haietako hiru; Loiola auzoko LaSalle ikastetxeko guraso elkartearena, Angulas Aginagako lagunen elkartearena eta Claret kultur elkartearena. Amara eta Loiola auzoetan barrena ibiliko da lehenengoa; hiriko erdialdean bigarrena, eta Gros auzoan hirugarrena. Berrikuntza gisa, bandera jaisteko ekitaldian horretarako izena eman duten danborradetako kide banak hartuko du parte, Union Artesanako danbor jotzaileekin batera. Denera, 79 kide izango dira.

Eguraldiak laguntzen badu, 42 ikastetxetako ia 5.000 ikasle bilduko ditu haurren danborradak. Eguerdian emango zaio hasiera, Alderdi Ederren, eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu ondoren. Ibai ikastolako Ane Atxotegi izango da aurtengo Danbor Nagusia, eta Maura Lopez izango da Easo Ederra. Alboan izango dituzte Yongche Che Kume-Kangkolo jenerala eta Iago Piñeiro haren laguntzailea; San Patricio ikastetxekoak dira biak. Berrikuntzarik ere izango du haurren danborradak, XIX. mendeko gizarte zibileko pertsonaiei Alkate Andrea gehituko baitzaie Easo Ederraren karrozan.

Alderdi Ederren jo ostean, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim eta Bergara kaleak igaroko dituzte, eta Gipuzkoa plazan amaitu. Alabaina, beste zazpi haur danborrada ere ibiliko dira egunean zehar, eta berriak izango dira haietako bi: gaur arratsaldean Amara Berrin ariko den Amaratarrak elkartearena eta Gros auzoan bihar joko duen Afederen Lagunak taldearena.

Hiritar Merezimendu dominak gaur arratsaldean banatuko dituzte. Urtero bezala, hiritarrek proposatutako bost pertsona edo elkartek errekonozimendua jasoko dute: Casa Ponsoleko txapelgileak, Izan Norbera fundazioa, Intxaurdi kirol elkartea, gimnastika erritmikoko Donostia taldea eta Paul Zubillaga pediatra sarituko dituzte. Bihar banatuko dute, bestalde, Urrezko Danborra. Donostiako sari nagusia Richard Oribe igerilari paralinpikoak jasoko du aurten. Lehenengo aldiz, donostiarrek aukeratu dute sarituaren izena; Oribek 6.135 boto jaso ditu. Maialen Chourraut piraguista, Esther Ferrer artista, Dolores Redondo idazlea eta Alicia Amatriain dantzaria izan dira gainontzeko hautagaiak. Oribek udaletxe Urrezko Danborra, 12:30ean.

Hasi bezala amaituko dute donostiarrek San Sebastian eguna, danborra jotzen. Gauerdian emango zaio amaiera, Konstituzio plazan San Sebastian martxa jo eta alkateak hiriko bandera mastatik jaitsi bezain pronto.

Azpeitian, hiru eguneko jaia

Esanahi berezia dute sansebastianek Azpeitian ere. Jai asko ospatzen dituzte bertan, baina herriko santuaren omenezkoak dira herrikoienak. Ez alferrik, haur, gazte eta helduek parte hartzen baitute era batera edo bestera. Esaterako, 2.000 azpeitiar inguruk hartuko dute parte danborradetan; gaur ariko dira helduak, eta bihar haurren danborradak hartuko du lekukoa. Etzi, zezen txikiak eta sokamuturra izango dira.

Aurten, gainera, asteburuak indartuko ditu sansebastianak. Egun handia larunbatean egokitu izanak festarako aitzakia gehitu die jaiei, eta hori baliatuz, udalak festa kutsua eman nahi izan dio San Sebastian egunari. Horretarako, egitarau mardula osatu du biharko; horien artean, bandera jaitsiera ekitaldiak izango du berrikuntzarik nabarmenena.

Orain artean, sei talde aritzen ziren San Sebastian egunari amaiera emateko danborradan: Gastadoreak, Iraurgi Saskibaloi Taldea, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea eta Oilo Soro. Aurten, baina, udalak talde guztiei eman nahi izan die bandera jaitsieran parte hartzeko aukera, eta beste bost taldek ere eman dute izena: Basazabal, Loiolabide Zahar, Sanjuandegi, Zokoa eta Arrantzaleak. Azken hauentzat urte berezia da aurtengoa, 50 urte betetzen baitituzte lehen aldiz irten zirenetik. Urteurrena dela eta, Mikel San Sebastian tailagileak egindako oroigarria emango die udalak Arrantzale taldeko danborjoleei.

Danbor hotsez gain, izango da zer eginik sansebastianetan. Beste behin, ez da sokamuturrik faltako herriko kaleetan. Aurten, gainera, bostehun urte bete ditu Azpeitiko sokamuturrak, eta protagonismo berezia izango du jaian. Hala, sokamuturra irudikatuko du haurren danborradako karrozak. Aurten, Nekane Azpiazuk diseinatu du, eta haurra zeneko ilusioa bete du hala, danborradaren aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez: "Karroza alaia dela uste dut, eta eguraldiak lagunduko duenaren esperantza dut. Ea herritarren gustukoa den". Herritar nahiz bisitari, lagun asko bilduko da Azpeitian jai herrikoienez gozatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.