MARATILA

Danborrak gutunetan

Gari Berasaluze.
2004ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Egun handia dute gaur Donostian, Azpeitian eta Tafallan. Baina egun herrena. Atzo gauean bertan, askok konpainia ederrean angulak afaldu eta beste askok angulak sudurreratu bazituzten ere, nabarmena zen ospakizuna ez zela erabatekoa. Eta gaur ere ez da hala izango. Kaleak beteak egon arren, jende asko geratuko da danbor hotsak entzun gabe. Dozenaka konta daitezke erbestean edota ziegan dauden hiru herrietako lagunak. Ehunka, beraz, haietaz gogoratzen diren senideak, lagunak eta ingurukoak.

Egun seinalatuak are seinalatuagoak izango dira ezinbestean etxetik urrun daudenentzat, eta horrelakoetan ez du samurra izan behar oroitzapenei malkoei eutsi gabe leku egitea. Literaturari esker, badakigu zerbait. San Joan bezperan egunkari zatiei su eman eta ziegako leihotik botatzen zituztenekoa kontatu zigun Sarrionandiak aspaldiko liburu batean. Eta antzeko nostalgia nabaritu genion Iñaki de Juanari ere oraintsuago, beste liburu batean, San Sebastian egunaren gainean hitz egitean: «Kantari eta mahaian danborra jotzen ari naizela, kartzeleroa etorri da. Zerbait gertatzen al zaidan. Ezetz, jai-ospakizunetan nagoela. Isil nadila. Bai, zera: are eta ozenago kantari, are eta buila handiagoz mahai danbortua jo eta jo. Badoala, zigortuko nautela esan duela iruditu zait. Inozo halakoa! Ez duk batere ulertu. Ez dago Sansebastian bezpera ezin ospatuz egotea baino zigor larriagorik!».Ez ditugu entzun telebistarik, irratirik edo angularik gabeko beste danborrada horiek. Baina haiek ere badira. Hurrengo gutunetan iritsiko zaizkigu atzoko eta gaurko haien hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.