Ikuskizuna eta heziketaren artean oreka bilatu nahi zuten, eta, hain zuzen, horregatik jarri zioten jaialdiari Oreka izena. Hiri dantzen jaialdia gaur hasiko da,Gasteizen, eta igandera arte iraungo du. Lau egunetan, 220 dantzari baino gehiago bilduko ditu.
Ikusleei hiri dantza gerturatu nahi diete, Miren Amestoi Oreka Dance elkarteko presidentearen arabera: «Bi publiko mota bereizten ditugu: batetik, hiri dantzetatik urrun daudenak, eta, bestetik, jadanik mundu honetan sartu direnak». Guztiak bildu nahi dituzte jaialdian, eta, horretarako, lau atal banatu dituzte denen gustukoa izateko: Bartzelonako talde baten emanaldia; nazioarteko koreografoek emandako eskolak; festa; eta talde eta binakako txapelketak izango dira.
Ekitaldi nagusia igandean jokatuko da. Hainbat kategoriatan banatuta, 20 talde eta 14 bikote lehiatuko dira Oreka jaialdiaren txapelketan; guztira, 220 dantzari inguru. 11:00etan hasiko da Ibaiondo gizarte etxean. Donostiako, Zarauzko, Irungo, Bartzelonako, Madrilgo eta beste hainbat tokitako dantzariek parte hartuko dute.
Jaialdia, hala ere, gaur hasiko da Kulbik taldearen emanaldiarekin. Hainbat musika mota nahasten dituzte euren ikuskizunean, musika elektronikoarekin, bluesarekin, jazzarekin, funkarekin eta reggaearekin lotzen dute hip hopa. Emanaldiaren ondoren, hitzaldi txiki bat egingo dute taldeko kideek.
Nazioarteko irakasleak
Oreka jaialdiaren beste ardatzetako bat workshop-ak izango dira, nazioarteko irakasleek emandako ikastaroak, hain zuzen. Ostiral arratsaldean eta larunbatean egun osoz egingo dira, San Andres gizarte etxean.Nazioarteko hiru irakaslek parte hartuko dute: Los Angelestik iritsiko dira Ellen Kim eta Nick Demoura, eta Bartzelonatik Kanga Valls.
Ostiral gauean, ekitaldi irekia egingo dute. Circulo aretoan festa prestatuko dute Gasteizko DJekin, gaueko hamaiketan hasiko da, eta inprobisazio ariketak egingo dituzte dantzariek.
Ekitaldi guztiak Ibaiondo gizarte etxean, San Andreskoan eta Circulo festa aretoan egingo dira.
'OREKA' HIRI DANTZEN JAIALDIA
Non. Gasteizen.
Noiz. Gaurtik igandera.
Asteburuko proposamenak
Dantza egin eta ikusteko egunak
Gasteiz. Lehiaketa, festa, ikastaroak eta dantza emanaldia prestatu dituzte Oreka hiri dantzen jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu