Jaiak. Santaisabelak Zumarragan

Dantza eta erromeria Santa Isabel eguneko ardatz

Denetariko ekitaldiak izango dituzte Zumarragako herritarrek gaur eta bihar, kirol, aisia eta kulturakoak nagusikiDantzarientzat egun berezia izaten da Santa Isabel; herritarren arreta haiengan dago

Ezpata dantza da eliza barruan dantzatzen den bakarra. GOIERRIKO HITZA.
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Antioko baselizara egiten duten erromeria eta dantzatzen dituzten ezpata dantza eta gizon dantza dira Zumarragan (Gipuzkoa) Santa Isabel eguneko ekitaldirik garrantzitsuenak.

09:30ean, herritarrak eta herriko agintariak Euskadi plazan elkartu eta Andre Maria Jasokundekoaren parrokia elizara joango dira, apezekin batera Antioko Amaren elizara igotzeko. «Dantzari eta txistulariek dute protagonismo handiena Santa Isabel egunean, Ama Birjinari eta herritarrei dantzatzen baitzaie», adierazi du Eneko Galdos Irrintzi euskal dantza taldeko dantzariak.

10:30ean, dantzariak Ama Birjina gurtzera sartuko dira. Haiek atera ostean, txistulariak Segurako zortzikoa joz elizara sartuko dira, atzetik apezak eta dantzariak dituztelarik. Orduan, dantzariek aldarea aurrean dutela, ezpata dantzari ekingo diote—eliza barruan egiten den dantza bakarra da hori—. «Gure herriko dantza bat den heinean, garrantzitsua da herritarrei eskaini eta haiek dantzaz gozatzea», esan du Galdosek.

Dantza amaitu ondoren, elizaren inguruan prozesio txiki bat antolatzen dute, txistulariek San Ignazio martxa jotzen duten bitartean. Ondoren, baselizara itzultzen dira, meza entzuteko.

Meza amaitutakoan, baselizaren aurrean gizon dantza lehenik eta ezpata dantza ondoren dantzatuko dituzte. Ekitaldi santuak bukatu ostean, erromeriari bide emango diote, herri bazkarieta guzti. «Urtean zehar lan handia egin behar da taldearekin; ondoren, bakoitzak merezi duenaren arabera hartuko du parte dantzaldietan», baieztatu du Galdosek.

20:30ean, txistulariek Zortzikoa jotzean, udalbatza Ama Birjinarengana hurbilduko da agurra egitera, eta herrira jaitsiko dira. Igoerako protokoloari jarraituz, udaletxean agintariei berriro arkua egingo diete, eta haiek balkoian azaldu bezain laster, ezpata dantza eskainiko diete. «Guztira hamabi dantzarik hartzen dugu parte egunean zehar. Herritarren begiradak gainean izaten ditugu. Baina, hala ere, ez dugu prestigiorik lortzen», aitortu du Galdos dantzariak.

Denetariko ekitaldiak

Dantzek eta erromeriak ez dute betetzen egitarau osoa, ordea; parte hartu eta gozatzeko beste hainbat aukera daude. 09:00etan, XII. Argazki Rallya hasiko da. Izena udaletxeko arkupeetan eman behar da, 09:00-10:00 bitartean. Geroago, 13:00etan, bertso saioa izango da: Juan Jose Eizmendi, Imanol Lazkano eta Urretxu-Zumarragako Bertso Esko-lako ikasleak arituko dira bertsotan.

Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara bitarte, automobilen zaleentzat, Citroen klasikoen kontzentrazioa izango da Euskadi plazan. 23:00etan, su festa izango da, Valecea su etxearen eskutik. 2010ean, Donostiako brontzezko maskorra lortu zuen su etxe horrek. Eta, eguna bukatzeko, Euskadi plazan dantzaldia izango da helduenentzat, Fabulosa orkestrarekin, eta gazteagoentzat, Segoviako Ihesa eta Skatu taldeen kontzertua eta erromeria txosnetan.

Kirol jarduerei dagokienez, 10:00etan, Galeperra E.A elkarteak antolatuta, herri mailako plater tiraketa izango da Legazpiko tiro zelaian —indarrean dagoen federazio lizentzia derrigorrezkoa da—.

Igandean ere, denetarik

Gaurko festak sortutako ajeari aurre egiteko, bihar beste hainbeste jarduera izango dituzte herritarrek. Goizaldean, eskuz binakako Euskadiko elite txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira Beloki pilotalekuan. Eta poneyak eta zezentxoak egongo dira umeentzat La Salle-Legazpi ikastetxeko jolastokian.

Arratsaldean, dantzaldia, mus txapelketa, izkingileak, su festa, eta, bukatzeko, gauerdian, Larrain dantza dantzatuko du Irrintzi dantza taldeak, Iratzarri dultzaineroek lagunduta, Euskadi plazan.

Horrez gain, txosnetan, Txan magoa izango da hasteko; eta gero, Manolo Kabezabolorekin, kantu afaria izango da, sardinen dastatzeak lagundurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.