Ez da beste liburu aurkezpen bat izango. Bihar, Donostian, Harkaitz Cano sortzaileak bere azken lanaren inguruko xehetasunak emango ditu, eta, ondoren, nobelaren inguruko solasaldia gidatuko du Iñigo Aranbarri idazleak.
Twist jarri dio izenburu Canok azken eleberriari (Susa). 1980ko hamarkadako gerra zikina du gaitzat. Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren antzera, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten eleberriko Xabier Soto eta Kepa Zeberio. Haien adiskide Diego Lazkanoren oroimenaren bidez kontatzen du idazleak garaiko giroa, 432 orrialdetan. «Pertsonaiak fikziokoak dira, istorioa fikzioa da, baina, jakina, bai pertsonaiak eta bai istorioa 1980ko hamarkadaren ispiluan jarriak izan dira, ispilu deformante batean», dio idazleak.
Izan ere, Canok ez du garaiko kronika bat idatzi nahi izan, baizik eta fikzio lan bat, kontatu nahi dituen eta kontatu gabe dauden gauzen berri emateko.
Fikzioa garai batean kokatu arren, orainaren inguruko lana ere bada eleberria. Izan ere, Lazkano protagonistak oraina eta iraganaren arteko bidaian dabil etengabe. Iñigo Aranbarrik gidatuko du solasaldia. Batez ere saiakeran, poesian, kronikan eta biografian aritu bada ere, hiru nobela argitaratu ditu: Emon biar yako (1994), Zulo bat uretan (2008), eta Zamaontzia (2011)
'TWIST'
Noiz. Bihar, 19:30ean.
Non. San Jeronimo kaleko sotoan, Donostian.
Dantzaldia, Harkaitz Canorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu