Dantzarako koloreak

Nafarroako dantza, inauteri eta festetako pertsonaiaz osatuta, koloreztatzeko liburua argitaratu dute

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Dantzatzea eta margotzea. Mugimendua dago bi ekintzen oinarrian, eskuarena kasu batean, eta gorputz osoarena bestean. Liburu bakarrean batu ditu orain biak Iruñeko Duguna Dantza taldeak, Asisko Urmeneta marrazkilariaren lanari esker. Nafarroako hainbat herritako dantza, inauteri eta festetako pertsonaien irudiek osatzen dute Koloreaga: Nafarroako festagileak izeneko liburua. Irudiak ez daude osorik, ordea, margoak dituzte faltan; koloreak. Eta, hain zuzen ere, hori da irakurleak bete beharko duen zuloa, koloreztatzeko liburua baita Koloreaga.

Hutsune bati erantzuteko sortu dute liburua Duguna dantza taldeko kideek. «Haurrek dantzaren eta folklorearen ingurukoak lantzeko material gutxi dugu gure herrian», azaltzen du Aritz Ibañez dantzariak, eta zulo hori betetzeko asmoz sortu dute liburua, eta Urmenetaren laguntza izan dute horretarako. 32 marrazki dauzka guztira liburuak, margotu beharrekoak guztiak, eta Nafarroako pertsonaiak ageri dituztenak. Besteak beste hauek dira liburuan daudenak: Otsagabiako dantzariak, Lantzeko inauterietako pertsonaiak, San Lorenzoko dantzariak, Monteagudoko paloteadoko dantzariak, eta Elizondoko mutil-dantzariak.

Hiru hitzen batuketa da liburua Urmenetaren ustez. Dioenez, erro beretik datoz liburu, libre eta libertitu hitzak, eta hirurek egiten dute bat Koloreaga liburuan. Hala dio Urmenetak. Lehenik, liburu bat da liburua; bigarrenik, «libre» egiten du irakurlea, bere inguruko ohiturak ezagutzeko etamundura bereizgarri horrekin begiratzeko balio duelako, mundura nortasun propioz ateratzeko. Hirugarrenik, «libertitzeko» ere balio du liburuak Urmenetaren hitzetan, marrazkiak koloreztatuta, gozatu egiten delako.

Etorkizuneko dantzariak

Euskara hutsez dago egina liburua, Urmenetak azaldu duenez, baita «XXI. mendeko balioei erreparatuta» ere. Izan ere, etorkizuneko dantzariengan du jarria begia Koloreaga-k. Dantzariek ageri dituzten ezaugarriak dira horren froga. Arraza eta kolore guztietakoak dira pertsonaiak, Urmenetaren hitzetan, kultura ezberdinen joan-etorriak tarteko halakoak izango baitira etorkizuneko dantzariak, eta hala marraztu ditu horregatik berak ere.

Coloreage esaten zaie frantsesez koloreztatzeko gisa honetako liburuei, baina euskaraz ez zegoen horretarako hitzik, eta sortu egin behar. Antton Olariaga marrazkilari ezagunaren abizenari keinu eginez, kolariaga hitza proposatu zuen Urmenetak, baina Euskaltzaindiari galdetuta, azkenean, koloreaga hitza hautatu dute marrazkilariak eta Duguna taldekoek liburuaren izenbururako.

Iruñeko Abarzuza liburu dendan eta Karrikiri dendan eros daiteke liburua 10 euroren truke, baita Duguna dantza taldearen bidez ere, posta elektronikoz eskatuta; [email protected] helbidera idatzita eska daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.